Bekatu bat aitortu behar dut hemen. Duela lau urte, ohitura berri bat sarrarazi nuen nire bizian: igande gauetan, kaka kanoi baten antzera "informazio" jarraikia hedatzen duen CNews telebista kate ultraeskuindarra begiratzen hasi nintzen. Hasieran ordu erdi bat astero zena, noiztenkako zapping kaltekorra bilakatu da. Badakit: ez da biziki ohoragarria eta ahalke pixka batekin salatzen dut, baina Vincent Bolloré miliardunaren kate horrek xoraturik atxikitzen nau, okaztatzen nauen bezainbat.
CNews, beste hedabide asko bezala, eguneroko gorrotoa sortzeko fabrika da! Talk show-ak eta albistegiak begiratzen hastean, ulertzen hasi nintzen nondik ateratzen ziren lankide, auzo edo sobera ezagunak ez zaizkidan pertsona batzuek errandakoak. CNews bezalako hedabideek badutelako indar bikoitz hori: agenda mediatiko eta sozialean gaiak inposatzea, eta ondorioz, "kronikarien" zeingehiagoka berbalarekin onargarriaren muga beti urrunago kokatzea. Eta berdin dio espazio mediatikoa fake news-ez saturatzen badute: “Bota alimaleko gezurra! Gezurtatzen badute ere, beti zerbait geldituko da” aipamena da spin doctors-en doktrina berria. Baina ez uste izan hori guzia kasualitatea denik. Gerla kultural baten baitan ongi pentsatu, antolatu eta diruztatutako zibilizazio bataila bat ari da gertatzen!
Saturazio eta giro okaztagarri horrek paralizatzen gaitu. Badugu diskurtso altxagarri eta ausarten beharra; badugu ere komunio funtzioa beteko duten mobilizazioen premia
Estatu Batuetan Steve Bannon izan den bezala, frantses estatuan Pierre-Édouard Stérin ari da hori guzia orkestratzen. Teorizatu duten estrategiaren arabera, zonalde mediatikoa urez estali behar da, “hedabideak egunean gai batez bakarrik emozionatzen ahal direla” argudiatuta. Horrela dute gai txikiek protagonismo handia eta sakoneko gaiak doi-doia ageri.
Estrategia horren hedatzaile ezin hobeak dira, nolaz ez, Bolloré sareko hedabideak. Baina beste hedabideak horren segitzeko behartuak sentitzen balira bezala sartzen dira fandango horretan dantzan. Eskuin muturrak du tempoa markatzen. Ekainean dry january egin nuen bezala, martxoan frantses hedabideak kontsultatzeari utzi nion. Desintoxikatzeko, telebista eta irratiak itzali. Saturazioraino utzi ninduten Trump, Musk, Gaza, Marine Le Pen, austeritate plana, autoritarismoaren gorakada, gutxiengoen kontrako erasoa… Benetan ohartzen ote gara aktualitateak gure osasun mentalean duen eraginaz?
Saturazio eta giro okaztagarri horrek paralizatzen gaitu. Badugu diskurtso altxagarri eta ausarten beharra; badugu ere komunio funtzioa beteko duten mobilizazio berrien premia. Udaberria dator: alternatibari ideki diezaiogun bidea.