Juan Bautista Bilbao Batxi idazleak barku batean egiten zuen lan, eta bere bidaietako kronikak bidaltzen zituen Euzkadi egunkarira. Horri esker, XX. mende hasierako mundu osoko kronika interesgarriak ditugu, euskaraz. 1915eko ekainean, hain zuzen, Murtzian egin zuen geldialditxoa. Hara hor bere kronikaren zati bat:
“Joan naiz gaur herrira eta atzetik izan doaz eunen bat mutili tiki Inglandartarra nazalakuan 'Jhoni, givi guan peny' esaten, arrayua!
–Ni ez nauk inglandarra ni euzkalduna banok...
–'E usté basco? Ese pueblo no e inglé?' dinost agure batek.
Eztozu ikusten ba gure ontziak ze ikurrina dekon atizan? Karabiñeru batek diñost orduan: 'Es jente que no sabe de letra y por eso no conoce la bandera'. ¿Zeun ikurriña be eztuzue ezagutzen? Gero etorriko zaire gu ilustretan ara gure errira zuen ikuriña larregi be baster guztietan ezatuzen daben tokira”
Batxik “ikurrina” dioen tokian, Espainiako bandera ulertu behar da, noski. Kronika horren arabera, garai hartarako Euskal Herrian oso presente zegoen Espainiako bandera, eta, dena delakoagatik, itxura denez, Murtzian ez. Historia liburuetan pixka bat begiratu ondoren jakin dut Gerra Karlistak izan eta gero, estatu nazio berria eraikiko bazen, ezinbestekotzat jotzen zela Espainiako nazioaren sinbolo argi eta zehatza. 1908an, konkretuki, ezarri zen jaiegun nazionaletan eraikin publiko guztietan bandera astintzeko derrigortasuna. Hala ere, duda daukat jai egunetan bakarrik jartzen ote zuten, eta sentsazioa daukat behintzat Euskal Herrian egunero erakusten zela bandera, eta Murtzian, berriz, askoz gutxiagotan. Zergatik ote?
Beldurgarria egin zitzaidan ikustea barkuko turista espainiar ia guztiek ia edozein txoko nola erabiltzen zuten bandera espainola erakusteko
Gogoratzen naiz Euskal Herrira etortzen hasi nintzenean, 2002 inguruan, panorama oso ezberdina zela. Ez zen Espainiako banderarik inon ikusten. Katalunian bai, leku ofizial guztietan, normaltasunez jartzen ziren Espainiako banderak. Gu, katalanok, oso internazionalak ginen, kosmopolitak! Garai hartan ez genien banderei kasurik egiten, antza. Baina, hala ere, ondo gogoratzen naiz nire pisukideak –LGTBI mugimenduan oso sartua bera, eta, berez, bandera nazionalen koloreaz gehiegi arduratzea tokatzen ez zitzaiona– nola esan zuen Diada egun hartan: “Nik senyera jarri nahi dut balkoian”. Eta denok egin genuen berehala bat. Nire etxeko balkoian senyera bat ikusteaz pozten nintzen... a, ze bitxia.
Kataluniako urriaren bateko erreferenduma egin eta hurrengo udan kruzero batera gonbidatu gintuen amak. Banekien, jakin, espainiar sentimendu nazionala puztuta zebilela une horretan, baina beldurgarria egin zitzaidan ikustea barkuko turista espainiar ia guztiek ia edozein txoko nola erabiltzen zuten bandera espainola erakusteko: motxilan, kamisetako lepoan, zapatilan... Eta nola hori ez zen gertatzen beste estatuetako hiritarrekin. Uste dut espainolen artean bandera obsesiboki erakutsi behar horrek oraindik ere jarraitzen duela. Adibidez, alabak aipatu zidan Zaragozatik institutura etorritako neskato baten kasua. Mahai osoa bandera espainolez apaindua omen zeukan.
Duela aste batzuk hitzalditxo bat ematera joan nintzen Sortuko ekimen batera. Ekitaldiaren amaieran koloretako bandera handi batzuk atera zituzten, ezer aldarrikatzen ez dutenak. Ikurrina ez nuen ikusi. Nire ustez, sinbolo batzuk, Espainiako testuinguruan, erresistentzia nazionaleko ikurrak dira, eta horregatik ere antifaxistak, edo horrela ulertzen ditut nik, behintzat. Duda daukat ea erasoaldi espainolista eta faxistaren une hauetan, ikur nazionalak alde batera uztea luxu handiegia ez ote den.