argia.eus
INPRIMATU
Ez ei dakite zergatik
Mikel Basabe Kortabarria 2025eko otsailaren 05

Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak hitzartutakoa bete ez duelako.

Zehatzago esanda, hezkuntza publikorako hitzarturikoa ez du bete sailak. Joandako urte biotan ez bide dute guztiona denarentzat astirik izan.

Astia izan dute, baina, sare publikoari kalte egiten dion matrikulazio-dekretua idatzi eta onartzeko. Steilasi eta EHIGEri esker justiziak dekretua atzera bota duenean, astia izan dute beste dokumentu bat iragartzeko, matrikulazioan eskola publikoari kalte egiten jarraitzeko. Astia izan dute, eskola pribatuetako kontzertazioa gelako hamahiru ikaslera jaisteko ume gutxiago jaiotzen delako eta, aldi berean, ikastetxe publikoen derrigorrezko fusioak agintzeko… ume gutxiago jaiotzen delako. Astia izan dute, pribatuko irakasleen soldata publikoaren pare edo hortik gora ipintzeko; hau da, diru publikoarekin berdin ordaintzeko irizpide garden eta kontrolpekoekin kontrataturiko langile publikoak eta irizpide ideologiko eta kontrol bakoekin kontrataturiko eskola pribatuetako langileak. Astia izan dute, azkenik, Hezkuntza Lege bat aprobatzeko, zeinean parean jartzen diren sare pribatu kuotakoa eta sare publikoa, nahiz eta LOMLOEk sare publikoa sustatzera behartzen dituen herri-agintariak: 109. artikuluko hirugarren puntuak "plaza publiko nahikoa ziurtatzera" behartzen ditu, eta 5. puntuak titulartasun publikoko ikastetxe-sarean plaza-hazkunde progresiboa" egitera.

Grebara goaz, Hezkuntza Saila sare publikoa baztertzen ari delako, berau den arren gizarte-kohesioaren, laikotasunaren eta euskalduntzearen bermea

Baina Hezkuntza Sailak ez ei daki zergatik joan garen grebara. Azaldu egin beharko diogu, bada, horixe delako irakasleok ondoen egiten dakiguna: galdetzen digutenean, xehe azaldu.

Grebara goaz, saila sare publikoa baztertzen ari delako, berau den arren gizarte-kohesioaren, laikotasunaren eta euskalduntzearen bermea. Grebara, ordezkaritza sindikalarekin zintzo negoziatzeko asmorik ez duelako: eseri behingoz, zehaztu eztabaidaren edukia eta egutegia, hitzartu eskola publikoa eta bere langileak errespetatuko dituen ituna, eta jendaurrean iragarri akordioa betetzeko egutegia.

Grebara, horretarako arrazoiak ulertzen ez zituela esan zigun une berean, sailak argi utzi zigulako negoziazio-mahaira eroan egin beharko dugula.

Greba egin genuen urtarrilean, sailari hilabete emateko, otsailaren 26ra arte, benetan laga gaitzan grebarako arrazoi barik.