argia.eus
INPRIMATU
Trantsizioa nora? Norekin? Nola?
Ainhoa Etxaide Amorrortu 2022ko irailaren 02a

Udazkena beroa izango omen da. Ez da horrelako zerbait entzun dugun lehen aldia, gero gertatutakoek zenbateraino berotu gaituzten beste kontu bat izan arren. Baina badago aldea oraingoan: iragarpena sistemaren kudeatzaileen ahotik entzuten ari gara. Ez da protesta giroa –grebak falta ez badira ere–, udazkenari bero puntua ematen ari zaiona.

Oparotasunaren amaiera datorrela estatu frantsesean, familiek sufrituko dutela AEBetan, etxeetan hotza egingo duela Ingalaterran, Alemaniako moteltzearen eragina norainokoa izango den zalantzak gure inguruan… Egoerak ez dauka batere itxura onik, diskurtsoek iruditegia sortu eta gidoiak ezartzen dituztelako. Zeozeren amaiera iragartzen ari dira, baina agortutako hori zer den esan gabe. Eta batez ere, eraiki behar den berri hori zer izango den eztabaidan jarri gabe. “Trantsizioa” beharrezkoa dela esaten ari dira, premiazkoa eta saihestezina dela. Helmuga izango denari buruz, abiapuntuaz bezain gutxi jakin arren.

Eskua luzatzen digute, helmuga ezagunik gabeko trantsizio batean sartzeko. Beste behin ere guztiok jarri nahi gaituzte norabide berean arraunean? Beraz, klase gatazkarik ez trantsizio ekologikoa egiteko, eredu ekonomikoa berrantolatzeko, edota eredu soziala tenkatzen duten arazoekin zer egin adosteko. Estatu espainiarrean badago eskarmentua denak berdin jarraitu dezan prestaturiko eta buruturiko trantsizioetan. Diskurtsoa borrokatzea ez da nahikoa agenda neoliberalak geldiarazteko, baina diskurtso alternatibo sendorik gabe, ez da posible. Diskurtsoak sendo egiten dituena gure praktikak direla jakinda, noski. Galtza bete lan daukagu kurtso berrirako!