argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Zer da ezagutza, adimen artifizialaren garaian?
  • Azaroan mahai-inguru batean parte hartu behar dut beste emakume batzuekin batera, adimen artifizialean adituak ez baina gai honen inguruan zenbait hausnarketa egiten gabiltzanak. Sakontzeko aukera ederra. Ezagutzaren zentzuaz hausnartuko dugu, adimen artifiziala areagotzen ari den garaiotan.

Diana Franco Eguren 2021eko urriaren 31

Hitz asko agertzen dira nire buruan ezagutzaz pentsatzen hasten naizenean: datua, informazioa, jakintza. Bestalde, adimen hitzak sena ekartzen dit burura.

Hitz horiek banatuko banitu, bi talde osatuko nituzke: alde batetik gorputzari lotuak egon barik irudikatu ditzakedan hitzen taldea: datua, informazioa, ezagutza, adimena. Bestetik, gorputza barik irudikatu ezin ditudan hitzak: jakintza, sena.

Gizakiok Erdi Arotik sena eta jakintza bezalako hitzengandik urruntzen joan gara pixkanaka-pixkanaka, eta ezagutza eta adimena gisako kontzeptuetara hurbiltzen, azken horiek bizi dugun mundua eta bere ezaugarriak deskribatzeko eredu bat direlako. Eredu horrek gure alde basatienetik aldentzen laguntzen gaitu, bidean zenbait gauza galduz, gure gorputzarekiko eta naturarekiko lotura, besteak beste.

Nature aldizkariak 2017ko zientzia artikulu batean kontatu zuen Google-en DeepMind adimen artifiziala gai izan zela Go jokoaren inguruan gizakion laguntza barik ezagutza sortu eta munduko jokalaririk onenari irabazteko. Hala baieztatu zuen adimen artifizialek ezagutza sortzeko gaitasuna izan dezaketela.

Gaur egun, datuak informazio eta informazioa ezagutza bihurtzen dakiten adimen artifizial teknologien garapena gertutik ikusten ari gara. Zelan eragingo dio horrek gure mundua ulertzeko moduari? Zelan eragingo dio gure arteko harremanei? Zelan gainontzeko izaki bizidunekin ditugun harremanei? Zelan gure gorputzarekiko dugun harremanari?