argia.eus
INPRIMATU
KPIaren igoera, pobreziaren iragarle
Ainhoa Etxaide Amorrortu 2021eko urriaren 31
Barazki saltokia Leioan (Argazkia: Leioako Udala / Baleike)

Momentuz Hego Euskal Herrian %4tik gora dagoen KPIak [Espainiako Estatuan %5,5 igo dela jakinarazi berriz du INE estatistika institutuak] soldatak eguneratzeko prozesua gatazkatsua izango dela iragartzen digu. Okertzeko arrisku handirik gabe aurreikusi dezakegu gainera, langile gehienok erosahalmena galduko dugula. KPIaren erreferentzia baztertu duten hitzarmenak, administrazioak erabakitzen dituen igoerak, enpresek momentuaren arabera hitzarmena aldebakarrez ez aplikatzeko ahalmena edukitzea... Formulak ez zaizkie falta.

KPIaren (Kontsumorako Prezioen Indizea) auzia ertz horretatik aztertzea ezinbestekoa da, baina begiratu dezagun lan munduaren bazterretan daudenen egoerei zor diegun arretarekin. Soldatak defendatzeko inolako aukerarik ez dutenek, lan merkatu ez erregularrean dabiltzanak, prestazio sozialak jasotzen dituztenak izango dira, zalantzarik gabe, erosahamena bereziki galduko eta sufrituko dutenak. Izan ere, KPIa berdina da guztiontzat, baina bere gorabeheren ondorioak ez.

Bizitzaren garestitzeak bereziki zigortuko ditu alargunak, diru sarrera txikiak eta ezengokorrak dituzten langileak, bizitzeko oinarrizkoak diren premiak dirulaguntzen bidez asetu behar dituztenak. Oro har, diru sarrera gutxi baina gastu asko dituzten pertsonak. Hasi gara entzuten KPIaren hazkundeak enpresetan arazoak sortuko dituela, gastu publikoaren bilakaera okertuko dela, soldatak kaltetuko dituela... Hala da bai. Baina KPI igoera horren ondorio lazgarriena pobrezia areagotuko duela da. Eta gutxi hitz egin da horretaz oraindik.

Gure bizi baldintzak erosahalmenaren araberakoak egin dituen eta merkatuaren menpeko egin gaituen eredu honek jarri gaitu KPIari begira berriro ere. Baina begien aurrean dugun arazoa pobrezia da, eta ezin dugu beste aldera begiratu.