Egungo garaian, adierazpen askatasuna edonon eta noiznahi goraipatua den eskubidea da: eskubide politiko, sozial, praktiko eta moraltzat dauka gure gizarteak. Bizkitartean, adierazpen askatasunaren izenean, nahaskeria sozialak, zuzengabekeriak eta bortizkeriak hedatzen ikus daitezke, bereziki sareko mundu birtualean, baina espazio publiko materialean ere bai.
Adierazpen askatasunaz preseski, bi liburu interesgarri irakurri ditut berriki, frantsesez: Pierre Vesperini-ren La philosophie antique (Antzinateko filosofia, Fayard, 2019) eta Monique Canto-Sperber-en Sauver la liberté d’expression (Adierazpen askatasuna salbatu, Albin Michel, 2021). Lehenak Europa mendebaldeko filosofiaren historia manera arrunt berri batez argitzen du, eta frogatzen on genukeela Antzinateko filosofoen uretik edatea. Hain zuzen ere, Vesperiniren ustez, europarron mentalitatea giristinotasunean errotu hiru printzipio hauetan datza: egia baten existentzia absolutua eta egia horren bilatzeko baitezpadako premia, doktrinen bidez; arima eta gorputzaren arteko bereizketa; jende kategoria oso batzuen bazterketa (hala nola emazteak). Alderantziz, lehenagoko philosophia elkarrizketa libre eta anizkoitzez osatua zen: eztabaidak ez ziren dogma-gatazkak, metafisikatik at zeuden. Joko atsegina zen philosophia, arau berezi batzuk ahalbidetu joko etiko eta estetiko emankorra, bizitzan eta jendartean zut egoteko metodo (edo bide) praktikoak eskaintzen zituena.
"Arriskua da adierazpen askatasun berri horren izenean iritzi dogmatikoen arteko polemika antzuz bete dadin espazio publikoa"
Monique Canto-Sperberrek, berriz, adierazpen askatasuna kontzeptu liberalaren hiru mendeko historiara lotu du, erakutsiz egun hala deitzen dugunak guti ikustekorik duela hastapeneko nozioarekin. Canto-Sperberren aburuz, interneten bereziki, jendea ez da arau etiko amankomunak errespetatuz solastatzen. Arriskua da adierazpen askatasun berri horren izenean iritzi dogmatikoen arteko polemika antzuz bete dadin espazio publikoa. Muga batzuk ez badira ezartzen –muga pragmatikoak, ez moralak–, ezin da elkar hitz egin, eta ideiak ulergaitzak bihur daitezke, denon galbide, dio autoreak. Vesperinik bezalaxe, Canto-Sperberrek amesten du espazio publikoa bilaka dadin gizabanakoen joko sanoa, jendetasunezkoa, haragiztatua, arraileria salbagarriz lagundua.
Pentsatzen dut eskolak eta unibertsitateak izan beharko luketela askatasun adierazpenarekin sanoki jostatzeko gune pribilegiatua, eta, nola ez, arraileria ernearena ere bai. Alta, horrelakorik ezinezkoa da, lehen eta bigarren mailako irakaskuntza publikoan behintzat. Irakaskuntza dogmatikoa da gomendatua dena: ideiak hola-hola inposatu behar dira, edo ikasleei egia ofiziala atzemanarazi behar zaie, baina hondarrean berdin da. Unibertsitatean, libertate gehiago bada eztabaidaren eta irriak erakartzen duen gibelapenaren balioak transmititzeko, baina beldur naiz etorkizunean Estatuek eta gizarteak unibertsitate irakasleei gero eta gehiago galdegin diezaien ikasleak dogmaz eta doktrinaz asetzea.
Ez dakit jendartea aski zohituko den serioski jostatzen hasteko, egiez, katiximez eta predikuez trufatzeko, ez eta ere zein heinetan posible litzatekeen gizarteak iraun dezan bere buruarekin horrela jostetan. Anartean, garai zalapartatsu hauetan, gozatzen ditut eztabaida sakonak nire posizioak partekatzen ez dituzten pertsona philosophia zaleekin, eta maite ditudan jendearekin prezatzen ere arraileria une guziak. Zorion tarte berdinak zuri ere gozamen iturri izan bekizkizu, irakurle!