argia.eus
INPRIMATU
Tortotx garbia
  • Estimatzeko intentzio osoarekin sagardo botila bat ireki, edalontzia sudurrera hurreratu eta botila itxita izan duen tortotxaren usaina hartzea, horixe infernua!

Jakoba Errekondo 2017ko martxoaren 07a

Tortotxa deabruetara eramateraino usain desatsegina eransten dion osagaiak TCA du izena (2,4,6-trikloroanisol), ia beti. Naturala da berez, eta uretan, kafean, fruituetan, barazkietan, zurean eta lurrean bertan ere aurki daiteke. 

Portugal da munduko artelazki esportatzaile handiena, eta hangoa da kortxo egile
handiena ere: Amorim. Edariari usainik utziko ez dion tortotxa patentatu du enpresak. (Arg.: SustMeme)

Tortotxa edo kortxoa tortotxondoaren edo artelatzaren (Quercus suber) azala da, ez alferretan zuhaitzari kortxondo eta kortxo-haritza ere deitzen zaio. Portugal da munduko artelazki esportatzaile handiena; datua argigarria da: bere esportazio guztien %1,2 artelazkia da. Horrek bere kulturako paisaiako zuhaitz adierazgarrienetako bat zaintzea dakar. Santa Maria de Lamas herrian dago artelazkiaren bihotza. Han dago azal horren ikasteko eta ikertzeko gunerik ezagunena: Cincork; baita artelazkia lantzen duen munduko enpresarik handiena ere: Amorim. Hain zuzen, Amorimek garatu eta patentatu du makina baten ametsa: edariari kortxo-usainik erantsiko ez dion kortxoa. Erresuma Batuko Cambridgeko enpresa batekin uztarrian, zehaztasun handiko kromatografia teknika aurreratu eta batez ere azkar bat sortu dute: kortxo bakoitza banaka-banaka aztertzen da segundo gutxi batzuetan, eta kirats arrasto ttikiena duena bazterrera. 

Sagardoari kortxoaren kiratsa eransten dion TCA hori ez antzemateko moduko muga sinestezina jarri dio bere buruari etxe horrek: 0,5 nanogramo litroko, hau da, trilioitik bat, 800 piszina olinpikotan ttantta bat, alegia. Lehenaz gain, Amorim hori izango da berriz ere kalitatezko edarien botilaratzaileen besoetakoa.     

Berezko sagardo bereziak sortzeko joera berpizten ari den honetan, zurezko barrikak bueltan datozen era berean, ea baten batek kortxo hauek sartzen dituen, sagardoaren usainaren eta gustuaren mesedetan.