argia.eus
INPRIMATU
Musika
Zutik eustea, garaipena
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2016ko urtarrilaren 21

Elorrioko talde honek ibilbide irmoa egiten dihardu bigarren milurteko hasieratik, eta ez du inoiz oztopoen aurrean atzerapausorik egin. Punk-rock errebeldea da hasieratik, Ihesbide izena zutenetik, taldekideek aukeratutako erreferentzia edo leloa. Hain zuzen ere, Euskal Herriak jasaten duen zapalkuntza egoera gordin eta krudela sufritzen duten gazteak direla aitortu dute beti, eta musika zaleak diren heinean hori baliatzen dutela beraien eran defendatu eta borrokatzeko.

Diskotik diskora, proposamena sendotzen eta borobiltzen joan da taldea, nolabait ukitu bereizgarria lortuz, eta urtez urte ehunka jarraitzaile batuz. Taldekide bat espetxeratu zutenean taldea kolokan egon bazen ere, beste abeslari batzuen laguntzarekin Ihesbidetik Iheskidera izena aldatzeko bidea egin zuten. Lan hartan Oi!-ak eta 77ko punkak pisua bazuen ere, Eskandinaviako gitarra rockeroak eta sasoi bateko MCDren antzeko rock-and-rolla ere presente zeuden. Gerora, ... irabazi arte diskoan, Tronpi taldekidea bueltan zela, aurretik aipatutako estiloei hard-rocka eta Alemaniako punkaren berezko melodia malenkoniatsua batu zizkieten. Hitzetan iraultza, espetxea, lobby jeltzalea, gose greba, sakabanaketa eta maitasuna izan zituzten hizpide. Izan ere, taldearen ezaugarri nagusienetakoa da hitzak zuzenak direla, tinko uzten zaituztenak eta inork gutxik bezala auto-zentsurarik ez dutenak, ausartak. Lan horri jarraitu zion Borrokak darrai diskoak punk-rock melodikoan jarri zituen indarrak, Oi!-aren, hard-rockaren eta punk-rock amorratuenaren printzak ere jasota. Eta han bildu zituzten Izenez eta izanez kantu ia biluzi bezain martziala, Irlandako errepublikarrek bidean galdutakoei egin ohi dieten pareko omenezko kanta Arkaitz Bellon herrikide eta lagunari, eta Kolonbiako FARC-EPri abestutako Orgullo fariano babes hunkigarria, besteak beste.

Eskuetan daukaguna, baina, Garaitu ez gaituztelako da, beti ere Euskal Herrian bizi dugun uneko egoerari so eta erne. Gainera, musika sortzaile gisa pauso erraldoia eman dute oraingoan: kantuek kutsu jantziagoa dute, pisutsuagoa eta irmoagoa; ondo kudeatutako malenkonia eta aurrera begiratzeko ausardiarena. Punk-rocka da ardatza, batzuetan melodikoagoa, beste batzuetan amorratuagoa, eta tarteka Social Distortion-en dotorezia ekarri dit gogora. Bada “kaleko mobidatik’” lagun artean abesteko horietakorik, eta baita ere hard-rockaren parekorik. Eta guztien artean nabarmenduko nukeen moduko Ezerezaren espetxeratzea itzelezko danbatekoa eta abesti erraldoia, Anestesia taldeko Ibon abeslariak are eta gehiago borobildu duena.

Garaitu ez gaituztelako

IHESKIDE

Mauka, 2015