Traducido automaticamente do vasco, a tradución pode conter erros. Máis información aquí. Elhuyarren itzultzaile automatikoaren logoa

"El Paísen gisako hedabideetan ezin zaio sekula nagusiari pentsatutakoa osoki esan"

  • “...aurrean papera ta atzean papera...”. 

José Yoldi. Donostian sortua, 1954an. Kazetari eta idazlea. Europa Press agentzian egin zituen lehen urratsak eta 1983an hasi zen El Paísen
José Yoldi. Donostian sortua, 1954an. Kazetari eta idazlea. Europa Press agentzian egin zituen lehen urratsak eta 1983an hasi zen El Paísen

Francoren azken hatsa, trantsizioa... Eta zu kazetari. 

Kongresuan gobernatzen zuten prokuradore frankistek euren harakiria sinatu zuten demokraziara pasa behar ginela erabakiz. Diktadurapeko urteek eragindako erru sentimendu itzela zeukaten, zinez zirena demokraziaren maskaraz janzteko premia morala. Hala, ezkertiarrak, progresistak, edo besterik gabe, aldaketa desio genuenok eferbeszentzia betean bizi ginen. Kale kantoi guztietan zegoen manifestazio bat, kazetariok lanbidea adierazpen askatasunaren egarritik ulertzen genuen, azken odol tantaraino borrokatzen genuen idazten genuen hitz bakoitza... Orduko inongo kazetarik ez zuen onartzen kakotx bat aldatzea, hitza galarazten zigutenean sekulako zalaparta izaten zen, zentsura arazo bat zen eskuinarentzat. Karrikan, ordea, ez zenuen paperean zenuen askatasunik. Manifestazio batera joan eta parekoek kazetaria zinela susmatze hutsa aski zen muturra txikitzeko. Poliziak ez zuen jasaten bere gehiegikeriei oihartzuna ematea. Horixe zen zegoena, eta hala ere, egungoa baino prentsa libreagoa zen. Egunkariak bankuen esku dauden garaiotan, ez dago zentsuratzea baino errazagorik, ez daukazu telefonoa hartu beharrik ere.   

Zentsuraren atzaparretatik libre, ez zineten ohartu GALen atzean zegoenaz?

Hastapen-hastapenean ez, baina nahiko azkar antzeman genuen nondik nora zihoazen tiroak. Izugarrikeria da GALena, barrabaskeria hutsa. Garai hartan, ordea, bestelakoa zen Espainian pausatzen zen dilema: “Zer nahiago duzu, hiltzen gaituztenak garbitzeko komandoak sortzea ala estatu kolpea?”. GAL agertu zenean, estatu kolpe saiakera eta arriskuak etengabeak ziren. Militarrak frankismoaren morroiak ziren, alderdi komunistaren legeztatzeak asaldatuta zebiltzan eta kuarteletan ez zegoen estatu kolpeak proiektatzea beste zereginik. Agintera iritsi zenean, Felipe González urak baretzen ahalegindu zen, baina ibaia nahasi eta zikin zetorrela oharturik, GALi aurrera egiten laga zion. Errazena egin zuen, errotutako ekinbide bati bide eman. Izan ere, gerra zikina GALekin hasi eta GALekin bukatu zela uste dute askok, baina lehenagokoak dira Batallón Vasco Español eta enparauak.  

Ustelkeria ere ordutik dator?

Frankismoan ahaltsu eta agintarien arteko negozioak eskutik eskurakoak ziren eta ongi lotuta utzi zuten dena. Trantsizio garaian negozioek bere horretan segi zuten, baina gure begiek arlo politikoari erreparatzen zioten, ez hainbeste mahaipeko ekonomiari. Diktaduratik gentozen, muturrak oso markatuta zeuden, eta bakoitzak bere aldera ahal bezainbat tiratzen zuen arren, sokarik ez haustea zen garrantzitsuena. Sokarik hausteko arriskurik ez zegoenean, 90eko hamarkadan, pelotazoaren kulturak biltzen duen ustelkeria kasuen udaberria loratu zen. Jende oso boteretsua zipriztindu zen, jende ahaltsua harrapatu, baina gardentasunaren eta zintzotasunaren ikasgaiak barneratu beharrean, “zuk ez baduzu lapurtzen, beste batek ostuko du eta zu tonto hutsa izango zara!” leloa zabaldu zen. Horregatik segi dute ebatsi dituztenak ebasten. Alabaina, ez gaitezen engaina, alderdi politiko baten inguruko ikerketa bat abiatzen denero ez da Estatuaren kontrol egiturak zoli ibili direlako, sistema ustel horretatik kobratzen zuen eta baztertua izan den norbait hizketan hasi delako baizik. Pozueloko zinegotzi baten mendekutik datoz Gürtel eta Bárcenas auziak, ez Estatuaren zorroztasunetik. Non daude Estatu egiturak? 

Inork jakitekotan, zuk jakingo duzu. 

Ez dakit ez Estatu egiturak non dauden ezta zertarako balio duten ere. Zertarako balio du Kontuen Auzitegiak? Alderdi politikoei buruzko ikerketa bat zabaltzen denero, PPk eta PSOEk proposatutako bi sailburuk dute ikertzeko ardura. Ezagutzen duzu otsokia jaten duen otsorik? Ustelkeriaren aurkako sarea lodia dela uste du jendeak, horregatik eskapatzen direla arrain zenbait. Alderantziz da, ordea. Oso sare fina da, finegia. Arrain txiki guztiak harrapatzen ditu, baina arrain handiek euren pisuarekin puskatzen dute sarea. Denok dakigu Rajoy Bárcenasen paperetan ageri dela, espetxera bidean zenean animo mezua bidali ziola, baina uste duzu epaile batek deklaratzera deituko duela? Inpunitate osoa dauka, sarean harrapatuta ere sarea hausten du. 

Nola josi zen “Dena ETA da” sarea?

Dorronsoro Malaxetxebarria ETAko kidearen atxiloketan topatutako paperetan, ezker abertzale osoaren organigramak, etorkizuneko asmoak, egitura eta erakunde bakoitzaren egin-beharrekoak... zirenak eta bi atzeman zituzten. Hala, mataza osoa desegin arte tira zion hariari Garzonek. Pasa egin zirela? Baliteke, baina ez paperen erabileran, guardia zibil edo poliziaren txostenak froga bezala erabiltzean baizik. Aski zen tipo bat borroka antiterroristan aditua zela esatea bere txostena frogatzat hartzeko, eta gehien-gehienetan, txosten horiek gerta zitekeenari buruzko analisi pertsonalak besterik ez ziren. Garzonek bazekien ETAren indarra ez zegoela komandoetan soilik, eta makinaria ongi olioztaturik, ingurua itotzeari ekin zion. Ezker abertzalea arnasarik gabe utzi zuen, horrek mugimenduaren baitako kriki-krakak azaleratu zituen, eta azkenean, ezker abertzaleak berak esan dio ETAri bukatzeko. 

Eta nork esango dio Espainiari ingeniaritza juridikoa bukatzeko, legerik ez behartzeko?

Hasieratik egon naiz Parot doktrinaren aurka. Europaz paso egin eta Frantzian betetako kartzela urteak Espainian aintzat ez hartzea onargaitza zait. Solitarioan jolasten hasi eta tranpak egitea baino miserableagorik ez dago. Demokrata bazara, zure buruari jarri dizkiozun legeak bete behar dituzu, ez dago besterik. Nazioarteko zuzenbidean, ordea, astoa eta azenarioarena gertatzen da, zigorrik ezean alferrik direla errietak. Onerako edo txarrerako, nazioarteko zuzenbidearen zigor arloa lotsan oinarritzen da, harrapatuz gero dimititzean. Jakina, Norvegian edo Alemanian balio du horrek, Espainian ez. Espainian inork ez du dimititzen, eta okerragoa dena, mesede bat egin izanaren uste osoz lasai-lasai egiten dute lo. 

Zuk argitaratutako informazioaren ondorioz, alta, Carlos Divar Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialeko presidenteak dimititu behar izan zuen. 

Baina ez zuen berak dimititu, dimitituarazi zuten. Carlos Divarrek espiritu santuaren oinordeko zuzentzat dauka bere burua, eguneko 24 orduak Auzitegi Goreneko presidentea zela aldarrikatzen ematen zituen, eta atera nuen informazioak hormaren aurka jarri zuenean oso gaizki kudeatu zuen egoera. Erregea bezala, antzerki apur bat egin eta berriz gertatuko ez zen akats bat izan zelako damututa agertu balitz, bere postuan jarraituko zukeen, sosa itzulirik edo itzuli gabe. Oilarra baino tenteago jarri zen, ordea. Prentsari azalpenak emateari uko egin zion, eta akats larriagoa dena, etxekoei ere ez zien txintik esan nahi izan. Harrokeria horregatik kendu zuten paretik, ez eskua poltsan harrapatu nuelako. Hala, eskandalua lehertu zenean, lagun bati halakorik ez zaiola egiten leporatu zidaten bere jirakoek. Ez, ez, ez, 30 urteko errespetuzko harreman batek ez du inor lagun bihurtzen. Iturri bat zen niretzat, ez gehiago ez gutxiago. Berak ETArekin kolaboratzen ari naizela susmatuko balu atxilotuko ninduke, ezta? Ni kazetaria naiz eta tipo hori ustela dela frogatzeko elementuak baldin baditut, kontatu egingo dut. Bizitzan idatzi ditudan zaplazteko periodistiko handienen bezperetan beti eman diet jo-puntuan nituenei defendatzeko aukera, baina hortik aurrera...

Esklusibarekin nagusiarengana. 

Esklusiba batek harrotzeko motibo behar luke egunkariarentzat, baina sekulako buruhaustea izan daiteke zuzendariarentzat. Denetik dago. Kazetari batzuk esklusiba gezurta ezinetan dira espezialistak. Zuk ETAk arma nuklearrak dauzkala argitaratzen baduzu, nork egingo dizu kontra, ETAren prentsa bulegoak? Hori ez da ez esklusiba ez ezer, eta zure nagusia kazetaritzaren deontologoa izanda ere lasai joango da etxera. Alabaina, El Corte Inglésen alde bateko eta besteko anaiak haserretu direlako barne gerra dagoela deskubrituko bazenu, zurbil baino zurbilago begiratuko lizuke. Ederki daki El Corte Inglések bere fakturazioaren %1 medioetan publizitatea jartzen inbertitzen duela. Halaber, nola uste duzu begiratuko dizula zuzendariak administrazio kontseiluan bere ondoan esertzen den eta ostiralero padelean kide duen bankuko presidentearen trapu zaharrak aireratzen badituzu? Notizia batzuk ezinbestez publikatu behar dira, ez dago beste erremediorik, baina kazetaritzak itzal asko ditu. Zenbat mediok jarraitu dute oso berandura arte, gezurretan ari zirela jakinda, Martxoaren 11ko atentatuen atzean ETA zegoela zabaltzen, PPren inguruko diru eta informazio iturriak ez ixtearren?

Medioan bertan dago ikerketa kazetaritzaren etsai handiena?

Hedabideak botere ekonomikoaren esku lagata mozten zaizkio ikerketari hegalak. Ikusi duzu Banco Santanderri, BBVAri edo El Corte Inglési buruzko ikerketa erreportajerik? Ez. Siriako mugan klandestinoki sartzeari deitzen zaio ikerketa kazetaritza, eta zergatik ez esan, bahitzen bazaituzte askoz hobeto, audientzia altuagoa. Lubakietako kazetaritzaren izugarrizko pedigria daukagu. Errefuxiatuen trenean joan nahi dugu, etorkinen pateran itsasoa zeharkatu... baina noiz hasiko gara boterea daukaten indarrak ikertzen? Prentsa bulegoek dena kate motzean lotuta daukatela? Ados, horretarako daude, galderarik sortzen ez dizkizuten errealitateak saltzeko, euren lana zurea erraztea dela sinestarazteko. Ez dut sekula ahantziko gaur egun hedabide handi batean zuzendaria denak Barne Ministerioko prentsaburua zenean, egiten nion galdera egiten niola, erantzuten zidana: “Ez dugu ez baieztatzen ez gezurtatzen... ezta baztertzen ere!”. Beti pentsatu dut esaldi horren atzean errefuxiatuen tren batean baino zer ikertu askoz gehiago zegoela. 

Barne Ministerioan gaudeno, ikertu dezagun botereen arteko banaketa. 

Hauteskundeetan lortutako gehiengo osoari esker, parlamentua eta gobernua PPrenak dira, baita buruzagitza judiziala izendatzen duten botere judizialeko bokalen hautaketa ere. Hori hala, egun Gürtel auzia epaitzea dagokien bi magistratuetik bat PPrekin afinitatea edukitzeagatik errekusatuta dago, eta bestea sute tamalgarri haren ondorioz Gaztela eta Leongo Juntako sozialisten aurkako jazarpena antolatu zuena da. Bi epaileok sena galdu eta akusatuak kondenatuko balituzte, Auzitegi Goreneko bigarren salara iritsiko litzateke afera, eta horko presidentea ere PPk aukeratua da. Gaizki pentsatzeko gai ez garen jende xaloa garenez, demagun hor ere kondenak egongo direla eta azken hitza Konstituzio Auzitegiak izango lukeela. Kasualitatea zer den, Konstituzio Auzitegiko presidentea, kargua hartu bezperetaraino, PPko militantea zen. Botere banaketaz ari ginen, ezta? 

2013ko EREak banatu zituen El País eta zure bideak. 

Ni ez ninduen EREak kaleratu, nagusiek bota ninduten. Traba nintzen eurentzat, euren arauak betetzeko exijitzen zien eta lankideengan eragina zuen erresistente bat. Estilo liburu bat baldin badaukazu aplikatzeko da, erredakzioan estatutu batzuk baldin badaude betetzeko dira... Ez nintzen isiltzen, pentsatzen nuena esaten nuen eta El País bezalako hedabide batean ezin zaio sekula nagusiari pentsatutakoa osoki esan. Hala, El Paísetik kanpo ere bizitza badagoela ikasi dut, baina horrek ez du esan nahi ez zidanik minik eman. 29 urte daramatzazunean egunkari baten alde larrua jokatzen... Etxeko buzoian ez da inoiz nire izenik egon, telefonoa ez zegoen nire izenean, nire seme-alabei edozein pakete irekitzea debekatu diet beti... Soldataren parte zen eta ez nuen omenaldirik eskatzen. Hori bai, ez nuen etxekoen bizkarreko labankadarik espero.

Nortasun agiria

José Yoldi. Donostian sortua, 1954an. Kazetari eta idazlea. Europa Press agentzian egin zituen lehen urratsak eta 1983an hasi zen El Paísen. 29 urte eman ditu bertan, auzitegietako espezialista, Espainiako Barne Ministerioko korrespontsal eta ikerketa taldeko kide izanez, 2013ko EREak lanik gabe utzi zuen arte. Tarte horretan, hainbat esklusiba eman ditu argitara, hala nola, Carlos Divar Auzitegi Goreneko presidentea dimititzera eraman zuena. 2009ko Kataluniako Giza Eskubideen Institutuaren eta 2012ko kazetari aipagarrienaren Victor de la Serna sariak eman dizkiote. El último recurso, Peor habría sido tener que trabajar eta El enigma Kungsholm liburuen egilea da. 

OFF THE RECORD
Nobela

Itxura, boza eta koadernoa lagun, ez da zaila José Yoldi auzitegiko pasilloetan edo pareko kafetegian bat eta bestearekin hizketan irudikatzea. Kazetari ikertzaile edo ikertzaile kazetari, bere nobeletako pertsonaia dirudi, batez ere komunitateko presidentea dela aitortzen dizunean. Ez dago esan beharrik komunitateko presidentea Estatukoa baino zorrotzago ikertzen den herrialdean kokatzen dela nobela. 


Interésache pola canle: Kazetaritza
2024-11-28 | Julene Flamarique
Serie 'Feminizketak' e proxecto 'Ikusgela': gañadores dos Premios de Xornalismo Rikardo Arregi deste ano
A entrega dos premios Rikardo Arregi realizouse este mércores na localidade guipuscoana de Andoain. O Premio de Xornalismo foi para a serie Feminizketak, publicada en Berria, e o proxecto Ikusgela, da Asociación Cultural Wikilarien Kultura Elkartea, recibiu o Premio de... [+]

2024-11-27 | ARGIA
Gaur banatuko dituzte Rikardo Arregi Sariak

Kazetaritza arloko zortzi finalisten artean dago June Fernández, ARGIAn argitaratutako Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa? erreportajeagatik. Sari banaketa ekitaldia Andoainen egingo dute.


Israel adopta medidas para afogar o xornal 'Haaretz', crítico co Goberno, co obxectivo de acabar con el
O Goberno israelí ha adoptado esta medida en resposta a unhas declaracións do editor do diario, Benjamín Netanyahu. "O réxime de Netanyahu é cruel e está a facer apartheid", dixo o editor de Amos Shock nunha conferencia ofrecida en Londres hai un mes, ás 10:00.

2024-11-15 | Sustatu
The Guardian e A Vangarda deixan X/Twitter
O diario británico The Guardian e o catalán A Vangarda, que edita unha edición máis estendida en español pero tamén en catalán, anunciaron onte a súa decisión de abandonar a rede social X/Twitter por converterse no foco da desinformación.

Programa 'Barraka'
Aposta de ETB, pero en segundo plano
Este domingo, 17 de novembro, estréase na plataforma Primeran de EITB o programa en formato latexa-night que se titula Barraka. A produción corre a cargo de Hiru Damatxo, un espectáculo cheo de humor e baseado no humor.

Elixabete Garmendia Lasa
“He vivido como oportunidade e reto traballar o xornalismo en eúscaro”
A ormaiztegiarra Elixabete Garmendia Lasa foi unha muller pioneira no xornalismo en eúscaro. Na década dos 70 tivemos a oportunidade de falar sobre a súa extensa traxectoria desde que empezou a traballar na revista 'Zeruko Argia'.

2024-11-07 | June Fernández
Violencia machista
Jare quere difundir o relato da súa agresión sexual
O Concello de Bilbao e varios medios de comunicación informaron dunha violación perpetrada por unha moza durante a madrugada, sen o consentimento da vítima e de forma sensacionalista. A muller buscara nas redes sociais outro tipo de alianzas para facer fronte á... [+]

2024-11-06 | Julene Flamarique
O xurado anunciou o oito finalistas dos Premios de Xornalismo Rikardo Arregi
Os organizadores da gala entregarán o Premio de Xornalismo e o Premio da Comunicación. O xurado elixiu a catro finalistas por cada un dos premios aos que optará. June Fernández é unha das finalistas do Premio de Xornalismo pola reportaxe “Adolescentes e educación... [+]

Eguneraketa berriak daude