Euskal Herria aberatsa da, baina ez dirudi ondo banatuta dagoenik, pobrezia handia baitago. Ondorio hori atera liteke joan den astean Gaindegia behategiak publiko egindako txostenetik. Euskal Herriaren biztanleriaren %16,7, hau da, 3.124.259 lagunetik 521.751 pobrezian edo bazterketa sozialera jausteko zorian bizi da. Urtean 7.961 euro baino gutxiagorekin irauten dute heldu bakarra bizi den etxeetan, 5.971rekin bi heldu dutenetan eta 4.179 euro baino gutxiagorekin bi heldu eta 14 urtetik beherako bi adingabe bizi diren etxeetan. Lurraldeka, pobrezia tasa altuena Ipar Euskal Herrian aurkituko dugu (%18,1), gero EAEko probintzietan (%15,1) eta azkenik Nafarroan (%14,5). Datu global horretatik, beste bat zehatzagoa: adingabeen %20 (104.764 gazte) pobrezian edo gizarte-bazterketarako arriskuan bizi da.
Eta hala ere, Hego Euskal Herrian biztanle bakoitzeko BPGa 30.000 euro ingurukoa da; horrek erakusten du euskal jendartea egiaz aberatsa dela. Zerbait ez dabil ondo, aberastasuna hain gaizki banatuta egoteko. Egoera horrek pentsarazi beharko lieke erakunde, gobernu eta eragile sozial guztiei, beharrezkoa dela hainbat politika martxan jartzea Euskal Herrian bizi diren eta lan egiten duten pertsona guztiek oinarrizko beharrizanak aseta izan ditzaten. Beste behin, halakoek, gure jendartean gailentzen den eredu sozioekonomikoa birpentsatzera garamatzate. Sistema kapitalistak pobretu egiten gaitu eta desberdintasun handiak sorrarazten ditu.
Iragan asteburuan, 150 eragile sozialen eskutik, milaka lagunek hartu dute parte Bilbon egindako Alternatiben Herria ekimenean (ikusi Argia honen 44. orrialdean), erakutsiz badaudela sistema neoliberal kapitalistatik haragoko bideak. Aukera daukagu bestelako eredu sozio-produktiboa eraiki eta aberastasuna modu justuagoan banatzeko; baliabideak ditugu kalitatezko enplegua sortzeko, lana banatu eta pobrezia eta desberdintasun sozialak nabarmen jaisteko. Borondate politikoa behar da. Euskal jendarteak du hitza eta konpromiso solidarioa.
Gasteizko Errotako (Koroatze) auzoan izan diren manifestazio "anonimoek" kolokan jarri dute auzokoen arteko elkarbizitza. Azalera atera dituzte ere hauetan parte hartu duten partidu politiko batzuen eta beste kide batzuen izaera faxista eta arrazista.
Neste mundo frenético e vertixinoso no que vivimos, os cambios sociais que se suceden aos poucos parécennos ás veces imperceptibles, irrelevantes ou insignificantes. Con todo, non é así, e temos que ser conscientes diso para actuar con prudencia. Exemplo diso é que nos... [+]