Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko egindako dekretuaren azken berritasuna da. Eusko Jaurlaritzak saltoki handiei laguntza eskainiko die euskara gehiago erabil dezaten.
Dekretua 2008koa da, eta ez du eragin handirik izan. Otsaileko ikerketak erakutsi zuenez, dekretuaren betetze-maila oso txikia da: %22koa. Alde handiak daude sektore batzuetatik besteetara. Batez besteko horretatik gora daude finantza erakundeak, %50eko betetze-mailarekin, merkataritza-kate handiak (%35,3) eta garraioak (%25,5). Batez bestekotik behera daude posta eta komunikazioa (%16,7), energia (%7,1), merkataritza oro har (% 6,3; merkataritza guneetan % 3 eta hipermerkatu eta supermerkatuetan % 1) eta etxebizitza (% 2,4). Beste datu bat: saltokien erdiek ez zekiten dekretua bazenik ere.
Dekretuaren eraginkortasun eza frogatu baino lehen, euskalgintzako hainbat eragilek kritika egin zion Jaurlaritzari, dekretuak ez baitzuen aurreikusten dekretua ez betez gero inolako isunik edo betebeharrik.
Eusko Jaurlaritzak berak, erabilera-emaitzak ikusita onartu zuen hobekuntzarako tarte handia dagoela. Horrela, hiru ildo nagusi garatuko ditu 2015 eta 2016an. Batetik, enpresa traktoreekin lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Bigarrenik, diru-laguntzetan 500.000 euro emango ditu saltoki handietako hizkuntza paisaia aldakorra euskaraz ere jartzeko eta langileak trebatzeko. Hirugarrenik, doako itzulpen zerbitzua eskainiko die on line merkataritza sektoreko enpresei, bezeroei eta hizkuntza pasaiara zuzendutako ahozko eta idatzizko informazioko testu laburrak euskaratzeko.
Gabonetako argiak pizteko ekitaldia espainolez egin izanak, Irungo euskaldunak haserretzeaz harago, Aski Da! mugimendua abiatu zuen: herriko 40 elkarteren indarrak batuta, Irungo udal gobernuarekin bildu dira orain, alkatea eta Euskara zinegotzia tarteko, herriko eragileak... [+]