Ezker abertzaleko militante historikoari 2010etik zeraman orkatiletako telematikoa kendu diote.
Jose Luis Elkoro 2010ean irten zen espetxetik, baina ordudanik orkatiletako telematiko batekin egon da, eguneko ordu gehienetan etxetik irten ezinik. Bost urteotan astero joan behar izan da Martuteneko espetxera paper bat sinatzera, eta ekitaldi politikoetan parte hartzea debekatu dio epaileak.
Irailaren 2an erabateko askatasunean geratu zen, espetxetik deia jaso ondoren. Hasierako hitzordua biharamunean zuen Elkorok, baina politikari ohia kaleratzeko sortutako Mugituko Da plataformako Joseba Moñuxek Argiari azaldu dionez, egun horretarako bergarar ugari joatekoa zen Martutenera bi autobusetan eta, euren ustez, espetxeko arduradunek hori saihestearren aurreratu zuten libre uztea. Nolanahi ere, Elkorori lehen harrera egin zioten Bergarako Munibe plazan.
Birritan espetxeratua
1935ean jaioa, 80 urte ditu Elkorok eta 1976ko alkateen mugimenduan giltzarri izan zen. Urte luzetan politikara emana, 1997an atxilotu zuten HBko mahai nazionaleko beste kideekin batera. 18 hilabete egin zituen espetxean.
Epaileak 18/98 auzian inputatu zuen Egin egunkaria itxi ondoren eta 24 urteko kartzelara zigortu. 2009an epai irmoa kaleratu zenean –8 urtera jaitsi zioten zigorra– berriz atxilotu zuten eta 2010ean irten zen espetxetik kontrolpeko baldintza oso gogorrekin.
Mugituko Da plataformak azaldu duenez erabateko askatasuna lortzeko gakoa izan da epaileak aintzat hartzea 1997 eta 1998an espetxean igaro zituen hilabeteak –Konstituzio Auzitegiak errugabe jo zituen HBko kideak–.
Trantze historikoak
Bergaran ekitaldi politikoa antolatu zuten irailaren 4an, “Jose Luisek askatasuna berreskuratzean bakearen eta batasunaren aldeko mezua zabaltzeko” helburuz, Moñuxen esanetan. Besteak beste, Bergaran alkate izandako guztiek hitz egin zuten, baita Elkorok berak ere, eta Arnaldo Otegiren idatzia irakurri zen: “Egun, bide luzea egin dugun honetan, berriz ere Erreformaren edo Haustura Demokratikoaren arteko talka ate-joka dugu. Orain dela 35 urte halako trantze historikoan egon ziren Jose Luis eta berarekin batera Herri Batasuna antolatu zutenak. Horregatik behar ditugu orain ere bidelagun”. Elkorok Otegiren hitzak eskertu eta “bera bezalako liderrak” behar direla nabarmendu zuen.
Hainbat urtetan lehenengoz politikaz askatasunez hitz egin ahal izan du militante historikoak. Goienari eskainitako elkarrizketa batean honakoa azaldu du: “Ez da momentu itxaropentsua, zatituta gaudelako, baina ikusten ditut argi batzuk. Gure Esku Dago bada argi bat; gai bagara hori indartzen, egin daiteke bide bat alderdien gainetik”.
Laguntzeko prest azaldu den arren, Elkorok ez du asmorik berriz ere “politikan sartzeko”, baina beste aukera asko ikusten ditu “Euskal Herriaren alde lan egiteko”.
Pensei si os nenos palestinos tamén teñen esta pregunta na cabeza co noso libro. Cantos duelos faltan para terminar o xenocidio. Cantos nenos debe matar Israel coa complicidade dos estados do mundo.
Van expor estas preguntas ás súas nais? Ou non terán que facelo porque... [+]