Uxue Barkos, laster Nafarroako lehen presidente euskalduna.
Giro euskaldunean hazi zinen?
Aitaren familia Caparrosokoa zen eta amarena Tafallakoa, baina gurasoen etxean giro abertzalea egon da beti aita abertzale sutsua zelako.
Zu eta zure anai-arrebak izan zineten Iruñeko lehen ikastolan ikasten zuten haur arraro haietakoak?
Bai. Oso arraroak ginen. Hiru urterekin sartu nintzenean ikastolak oraindik ez zuen San Fermin izena. Oso garai polit eta gogorrak izan ziren.
Duela gutxi La Chula Potrari irakurri nion nitaz pentsatzen zuena Monederori [Juan Carlos, Podemoseko idazkari ohia] zuzendutako artikulu batean. Oso gauza politak esaten zituen, baina San Fermin ikastolako burgesitoez mintzo zenean argi ikusten da jende askok ez dakiela zeinen ausartak izan ziren guraso haiek. Egoera ez zen batere erraza izan eta gogor jokatu behar izan zuten. Gure gurasoen jarrera ikusita, nik uste dut erresistentzia demokratikoaren giroan bizi izan garela politikoki. Eta gu bezala beste asko ere bai. Haiei zor diegu gu euskaldunak izatea.
Kazetaritza zergatik aukeratu zenuen?
Oso gazte erabaki nuen kazetari izan nahi nuela. Aitari ez zitzaion batere gustatzen, baina nik oso garbi neukan. Gurea ofizio bat da, ofizio ederrena García Márquezek zioen bezala.
Zuzeneko komunikazioa da gehien maite duzuna?
Irratia eta telebista dira betidanik gustatu izan zaizkidanak. Telebistan albistegiak eta irratian elkarrizketak. Elkarrizketak telebistan egitea zaila iruditzen zait. Hain artifiziala denez kosta egiten da konplizitatea lortzea. Aurrekoan Julian Iantzirekin izan nintzen Nafar Telebista hasiberrian, eta biok bakarrik geundela, kameralaririk ere ez zegoela ikusita… ui! Oso arriskutsua izan daiteke, asko askatzen zarelako, gehiegi agian.
Izanen zara kazetari?
Bai. Nik EITBn daukat plaza. Ulertzen dut albistegietara itzultzea oso zaila izanen dela, baina beste zerbaitetan, zergatik ez? Politikariei elkarrizketak egitea, adibidez, gustatuko litzaidake.
Politikarako jauzian kazetaria izatea lagungarri suertatu zaizu?
Lagungarria batez ere beldurra kentzeko orduan eta baita mezuak labur eta zehatz aditzera ematerakoan ere. Horraino besterik ez.
Eta zer titular aterako dizuten asmatzeko?
Ez pentsa. Ez duzu beti asmatzen.
Politika gogorra da?
Bizitza da gogorra. Aitari asko gustatzen zitzaion politika. Agian berari zor diot kazetaria izatea. Kazetaritzan ere une oso zailak bizi izan ditut. Gogoratzen dut, adibidez, Miguel Angel Blancoren atentatuaren ostean, 1997an, nola EITBn hasi ginen estatuko hainbat tokitatik deiak jasotzen. Esaten ziguten gu ETAkideak ginela, Ertzaintzak telebistaren egoitza husten zuen bitartean, granada jaurtigailu bat gure aurrean jarrita omen zegoelako.
2003an politikara salto egin zenuenetik zeintzuk izan dira une gogorrenak?
Nafarroa Bai apurtu zenean.
Eta kongresuan eta udalean kobratutako dietak eta ondarearen inguruko salaketak?
Halako eraso mediatikoetan gurasoak ikusten dituzu sufritzen batez ere. Egia esan, nire familiak orain arte ongi eraman du eta ez naiz batere damutzen.
Bi tokitan aldi berean egotearen esperientzia nolakoa izan da?
Erokeria.
Berriz eginen zenuke?
Ez. Lan gehiegi izan da. Baina egia da konpromisoa hartzen baduzu bukatu arte egon behar duzula.
Nafarroa Bairen desagerpena, 2011n, atzerapauso handia izan zen?
Bai, oso tristea izan zen, batez ere orduan, gaur bezala, espazio politiko hori existitzen dela ikusi baikenuen.
Nondik heldu da nafar abertzaleen erresistentziarako indarra?
Jende askok uste du guk hartutako lekukoa hurrengoei pasa behar diegula eta horretarako hizkuntza da ardatza. Gure ikurriñarik ederrena euskarak izan behar du eta hortik aurrera gauzak demokratikoki aldatu.
Niretzat euskara ezinbestekoa da. Madrilen geundela Xabier, gure semea, hango ikastetxe batean hasi zen hiru urterekin. Ordura arte gure arteko harremana euskaraz izatetik erdaraz izatera pasa zen. Nik izugarri sufritzen nuen. Senarrak berehala ulertu zuen eta Iruñera etortzea erabaki genuen, Xabierrek euskaraz ikasteko aukera izan zezan. Jesusek oso ongi ulertu zuen zein garrantzitsua zen niretzat Xabier euskalduna izatea.
Azken hauteskundeetan boto abertzaleak 100.000ko langa gainditu du lehen aldiz.
Lehengo egunean Juan Cruz Allik esan zidan gogoratzeko boto ez abertzaleak ere baditugula. Hori badakit, eta presidentea banaiz, nafar guztien presidentea izan behar dut. Argi daukat presidente abertzalea izanen naizela hiritar gehienak abertzaleak ez diren gizartean.
Orain, abertzale ez diren hiritarrek ere, abertzaleengan jarri dute konfiantza. UPNk bultzatu duen euskaltasunaren inguruko malditismo hori apurtzen hasia da eta hori oso garrantzitsua da.
Independentzia urrun?
Ni orain laugarren xedapen iragankorra aktibatzen ez nintzateke inolaz ere ausartuko. Askogatik galduko genuke, seguru. Aurrerapen handia izan da abertzaleen aldeko hainbeste boto egotea, baina prozesua errespetu handiz egin behar dugu, eta gainera nik ez nuke onartuko Nafarroaren erabaki bat egun dauzkagun aurreiritzi guztiekin. Gaur egun Nafarroa ez da subjektu politiko libre bat.
Aldaketaren aldeko aldean PSN sartzen duzu. Seguru zaude horretaz?
Sozialisten botoak sartzen ditut. Ziur naiz. Hamaika urtetan askotan izan dut aukera Erriberako hainbat herritan emakume eta gizon sozialista zaharrekin hitz egiteko. Haiek dira gerra zibileko ondorioak pairatu behar izan zituztenak, eta horiengan, zintzoki, ikusten ditut aldaketaren aldeko jarrerak. Zer-nolako gestioa eginen du PSNk boto horiekin? Haiek ikusiko dute. Eskerrak gobernuaren giltza ez dagoen haien eskuetan, haiekin ezin baikara fidatu.
Sozialista nafarrek ez dute merezi duten zuzendaritza, beraz?
Erabat ados.
Patuak emaniko aldaketarako aukera izan da hau?
Bai, eta ozta-ozta lortu dira 26 eserlekuak. Aldaketaren aldekoak bat gatoz gauzak ongi egin behar ditugula, lasaitasun osoz, eta ez soilik datozen lau urteotan, baizik eta hurrengo legealdietan ere bai.
Nola ikusten duzu EH Bilduren eboluzioa?
ETA gizartean ez dagoenetik errazago da hitz egitea. Hortik aurrera, amankomunean gauza asko ditugu, eta beste gauza batzuk ez, beste indar politikoekin bezala. Orain arte egin dugun lan programatikoa uste baino askoz errazagoa izan da, benetan, eta ezadostasunak ere mahai gainean jarri ditugu. Giro eder horrek ez du esan nahi, halere, desberdintasunik ez dagoenik. Badira, eta sakonak, gizartean bezala.
Zeintzuk dira?
Askotan metodologikoak. Adibide argi bat jarriko dizut: kanpainan zehar asko hitz egin da Abiadura Handiko Trenaz. Talde progresisten artean, Geroa Bai izan da defendatu duen bakarra. I-Ek eta EH Bilduk merkantzien garraioa 100-120 kilometro orduko eta pertsonena 200-240 kilometro orduko defendatzen dute. Horri nahi dugun izena jartzen ahal diogu, baina Abiadura Handiko Trena da. Bestalde, UPNk egin duen kudeaketa oso txarra izan dela salatu dugu lehen momentutik, Estatuarekin egin duen hitzarmena ere oso txarra da, eta marraztu duten azpiegituren lehentasunarekin ez gaude batere ados. Gure ustez, une honetan proiektu horri buelta eman behar zaio eta “i grekoa” ziurtatu. Goazen kudeatzera gure arteko desadostasun pakete hori.
Nafarroako itun ekonomikoa eta EAEko kontzertua batera negoziatu beharko lirateke Madrilekin?
Bai. Klasiko bat da: Eusko Jaurlaritzak Madrilekin zerbait negoziatu kontzertuaren inguruan eta ondoren UPNk Nafarroara ekarri du horren kopia txar bat. AHTren ituna, esate baterako. Bi akordioen arteko aldea alimalekoa da. Anbiziorik batere ez eta tinkotasun eza izan dira UPNren jarrera Madrilekin negoziatzeko eseri den guztietan. Montorok Volkswageneko BEZaren afera jarri zuen mahai gainean, eta aldi berean, itunaren negoziazioa proposatu. Guk behin eta berriz esan dugu ez onartzeko xantaia. Zer gertatu da azkenean? Atzera egin dugula itun ekonomikoan. Zerga berriak guk kudeatzeko aukera galdu dugu, gainean zegoelako 1.500 milioiko Damoklesen ezpata. UPNk onartu du ez dela haiek nahi zuten erreforma, baina onartu behar izan zuten, eta erantzukizun politikoa dute.
Konponbide konplikatua?
Oso. Ezin izanen dugu aldatu, agian datorren urterako. Ituna eta kontzertua sinatu zirenean oraindik ez ziren zergak foru lurraldeek jasotzea oso garrantzitsua da guretzat.
Gauza batek harritu ninduen politikara iritsi nintzenean: zer interes gutxi duten politikariek, orokorrean, errealitatearen argazkia egiterakoan. Zein da errealitatearen irudia? Nik behar dudana. Datuen zehaztasunarekiko grina handia dudala esaten didate, eta hala da. Horretan kazetaritzak lagundu dit asko. Ikus dezagun gure errealitatea nolakoa den, egin dezagun lan pedagogikoa Espainian uler dezaten foruak zer diren.
Madrilgo Kongresuko esperientzia nolakoa izan da?
Oso ederra. Lagun onak egin ditut, Labordeta adibidez. Egun batean esan zidan galdetu ziotela nor zen kongresukide ederrena eta ni nintzela esan zien. “Eskerrik asko Jose Antonio!” esan nion eta berak: “Ez, ez bainuen gogoratzen nola duen izena PPko kanariar guapa horrek!”.
Politikari baloratuena izan zara askotan.
“Baina ez duzu gainditu ere egin”, esaten dit semeak.
Duela lau urte bularreko minbizia izan eta gainditu duzu. Bizitza desberdin ikusten duzu orain?
Heriotzari beldur bera diot, baina egia da halako egoera batean heriotzari zuzenean begiratzen diozula. Gure gizarte pribilegiatu honetan minbizia da heriotza gogorarazten digun gauza bakanetako bat.
(Iruñean sortua 1964ko uztailaren 5ean). Sei anai-arreben artean nagusia. Kazetaria lanbidez eta laster Nafarroako Gobernuko presidente berria, eta euskalduna lehen aldiz. Kazetari bezala Europa Press agentzian, Navarra Hoy egunkarian, Telenavarran eta 1990az geroztik EITBn egin du lan.
Hamaika urte daramatza politikagintzan, hasieran Nafarroa Bai koalizioarekin eta Geroa Bairekin orain. Madrilgo Kongresuan diputatua izan da 2004tik 2015era eta Iruñeko Udaleko zinegotzia 2007tik aurrera, joan den hilabetera arte.
Jesus Gonzalez kazetari galiziarrarekin ezkondua dago eta 12 urteko mutiko baten ama da. Duela lau urte bularreko minbizia izan zuen. Contra viento y marea liburuan bildu zituen bizipenak. Orain Nafarroako aldaketa politikoaren gidaritza hartu du. “Bizitzaren oso une ederrean” dagoela dio.
“Kanpainan Nafarroako txistor guztia jan dut eta egiten dudan ariketa bakarra argazkiak egiterakoan sabela sartzea da. Agendan sartuta daukat astean bi aldiz soinketa lekura joatea, bestela, gaueko hamarretan ez naiz gauza gimnasia egiteko”.
Nafarroako Foru hauteskundeak maiatzean izanen dira. EiTB Focusek egindako inkesta baikorra da oro har, gaur egun, Nafarroako Gobernuan ari den koalizioarentzat. Iruñeko Udalean ordea, egungo gobernuaren jarraipena kolokan liteke.
Nafarroako Ahal Duguko bozeramaile ohiak bere kontra abiatutako prozesua salatu, eta aldaketa arriskuan ez dagoela azpimarratu du.
Eremu mistoko hainbat herritan egingo dute kanpaina. Herritarrak instituzioei zonifikazioarekin amaitzeko eskabidea egitera bultzatu nahi dituzte.
Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak ferietako liskarragatik auzipetutako gazteen kontra fiskaltzak egindako zigor eskaeren aurka egin du.
Nafar Gobernuak energia plan berria aurkeztu du “2030 Ikusmuga Plan Energetikoa” zirriborroan. Energia berriztagarrien erabilpena %21etik %51ra handitzeko asmoa duen arren, planak Castejóngo zentral termikoak ixteari buruz ez duela ezer esaten salatu du... [+]
Hainbat sindikaturekin batera egindako agerraldian Nafarroako Gobernuari galdegin diote Madrilekin mantentzen ari den negoziazio eteteko eta "tren soziala zehazteko", herritarrei "parte hartzeko aukera" emanda.
Foruzaingoaren jarduna eraberritu eta gomazko pilotak ez erabiltzeko erabakia bururaino eraman dute, Ertzaintzak eskainitako bi prestakuntza ikastaro jasoz eta material berria eskuratuz.
UPN, PPN eta Ciudadanosekin batera parte hartuko du PSNk ekainaren 3ko manifestazioan. Nafarroako bandera defendatzeko aitzakiarekin egin dute bat deialdiarekin. Alderdiaren militante batzuek desadostasuna adierazi dute.
Nafarroako eta Espainiako Gobernuek AHTaren inguruan “ez-betetze klausulak” sinatzea proposatu du Iñigo De la Serna Barne Ministroak. Manu Aierdik ontzat hartu du proposamena: "Izugarri ona iruditzen zait ardura duena behartzea sinatutakoa... [+]
Mugikortasun planak sortu ditu desadostasunak. Ostegun goizean Podemosek, Aranzadik eta Izquierda-Ezkerrak agerraldia eginen dute. Joseba Asiron alkateak desadostasunak onartu ditu baina harrituta azaldu da udal gobernuaren krisia dagoela entzutean.
"Zigortzailea eta murriztailea" den legea bertan behera utziko dute Gobernua babesten duten lau alderdiek. 2003. urtetik dago abian Ikurren Legea, baina orain, Udalen autonomiaz baliatuta, udalerri bakoitzak erabakiko du zein ikur jarri erakunde ofizialetan.
Nafarroan 2003tik indarrean dagoen Ikurren Legea baliogabetu egingo du foru gobernuak, hura sostengatzen duten lau indarrek (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerra) hala adostu eta gero. Zigorrik eragingo ez duen lege berria sortzeko prozesu parte hartzailea iragarri... [+]
Vascuencearen Legearen 30. urteurrenean Kontseiluko idazkari nagusiak esan du "ospatzeko deus ez dagoela, gehiago dagoela lege horrek utzitako ondorio latzen inguruan ohartarazteko”.