Garagardo marka baten marketin arduraduna da Urtzi Ugalde. Ez da multinazional erraldoiko pieza bat gehiago ordea, beste sei lagunekin batera sortu duten kooperatibako bazkide baizik. Horizontaltasunean eta elikadura burujabetzan oinarrituta ari dira euren produktua ekoizten: Boga garagardoa.
Duela lau urte hasi ziren garagardogintzan. Bilboko Kukutza gaztetxean eman zituzten lehen pauso haiek, zaletasunak eta euren baliabide propioekin ekoitzi nahiak bultzatuta. 50 litro egiteko gaitasuna zuten orduan. “Zenbait jai eta tabernetan jarri genuen salgai, lagun artean edan eta orokorrean harrera ona izan zuela uste dugu. Urteak joan ahala esperientzia, ideiak eta esfortzua batu ditugu, eta hori guztiaren fruitua da gaur egungo Boga kooperatiba”.
Orain ordea, bi mila eta lau mila litro artean ekoizteko gaitasuna duen fabrika dute Mungian. Taldean ingeniaritza kimikoan doktoreak eta ingurugiro zientzietako adituak dituztela baliatuz, euren kabuz eta berezko diseinuarekin eraiki dute planta. “Erronka itzela izan da, baina ilusioz eta lan eskergaz, lortu dugu”.
Bertan ekoizten duten garagardoa ez da multinazionalek egiten dutenaren gisa berekoa. Euskal Herriko lehengaiak lehenetsiz eta modu naturalean egiten dute, pasteurizaziorik eta kaltegarria izan daitekeen gehigarririk gabe. Urtzi Ugalderen arabera, “garagardo industrialekin alderatua zapore eta gorputz bereizgarria eskaintzen dio horrek kontsumitzaileari”.
Hasieratik izan dute argi kooperatiba izan beharra zutela, proiektu demokratikoago bat sortzeko tresna juridikoak ematen dituelako. “Azken finean, langileok gara enpresaren kudeaketaren arduradunak. Eredu hau da langileentzat justuena, baita proiektuarentzat eraginkorrena ere”.
Zazpi bazkide dira guztira: hiru langile, eta lau laguntzaile. Lanean ari diren hirurek osatutako kontseiluak hartzen ditu eguneroko erabakiak, baina gai garrantzitsuagoak jorratzeko denei zabaldutako asanblea egiten dute.
Mungiako fabrika martxan jartzen inbertsio handia egin behar izan dute, bai lanari dagokionez, eta baita diruz ere. Horri aurre egiteko, ehun herritar, tabernari, elkarte eta konpartsa baino gehiagoren babes ekonomikoa jaso dute, berme mankomunatuen bidez. “Bogalarien sare hori da kooperatibaren benetako altxorra”. Horrez gain, Koop57 finantza-kooperatibak emandako kreditua ere baliatu dute.
Horrela lortu dute Bizkaiko hamar bat taberna eta dendatara Boga garagardo horixka eramatea. Euskal Herriko txoko ugaritako jai herrikoi eta ekimen kulturaletan ere ari dira parte hartzen, eta pixkanaka gero eta toki gehiagotara zabalduko dute. “Gure helburua, udazkenarekin batera saltokien kopurua bikoiztea da”.
Izaera: Kooperatiba.
Bazkide kopurua: Hiru bazkide langile eta lau bazkide laguntzaile
Kokapena: Mungia (Bizkaia)
Produktu mota: Garagardoa
Ekoizpen gaitasuna: 2.000 eta 4.000 litro artean