argia.eus
INPRIMATU
Ongizate estatuaren eraldaketa
Baleren Bakaikoa Azurmendi 2015eko ekainaren 18a

Bigarren Mundu Gerraren ostean ongizate estatuak berebiziko garapena ezagutu zuen. Bazirudien txirotasuna eta familien estutasunak betirako desagertu zirela, baina bakarrik kapitalismoa garatutako herrialdeetan, hirugarren munduaz inor gutxi arduratzen baitzen. Beti bezala, gerraren zama langileriak eraman zuen eta kapitalistek etekina. Langileriaren presioari esker, balioaren zati handiago bat eskuratu ahal zezakeen langile klaseak, errentaren birbanaketa aurrerakorra burutu baitzen. Beraz, gastu sozialak gora egin zuen eta ongizatea gizarte osora heldu zen.

Azken berrogei urte honetan estatuaren gastu soziala izugarri murriztu da eta ongizatea erabat ahuldu, klase txiroenak gorriak pasatu beharrera heldu arte, batik bat, orain bezalako krisialdi gogorrean. Errenta birbanatzen zuten zerga aurrerakorrek atzerakada nabarmena izan dute eta aberatsak aberatsago bihurtu dira, txiroak txiroago bilakatu diren bitartean.

Txirotasun pertsonalei eta herrialde atzeratuei “laguntzeko” helburuarekin filantropia antzeko enpresak azaldu dira, zenbait pertsona esanguratsuek dirutza kudeatzen dute, hau da, estatu demokratikoek dirua kudeatu ordez, norbanako aberatsek egingo dute. Bill Gates edo Warren Buffet bezalako aberatsek ordezkatuko dute estatu soziala. Gure artean hor daude BBVA fundazioa, Telefónica fundazioa, eta abar. Fundazio horiek ere estatuaren zeregin sozialetan parte hartuko dute.

Adibidez, AEBetan BPGren ehuneko 3ra heltzen da enpresa filantropikoek erabiltzen dutena, Frantziako Estatuan, ehuneko 0,2ra eta Kanadan ehuneko 0,5era. AEBetako enpresa horien diru iturrien ehuneko 72 norbanakoek ipintzen dute, ehuneko 12 fundazioek, ehuneko 5 enpresek eta gainontzekoa herentzietatik dator.

Enpresa filantropiko horiek dirua biltzen dute zerbitzu publikoak eskaintzeko. Herriko eskola, haurtzaindegia, eta abar sortzeko. Batez beste, bildutako dirutzaren ehuneko 52 barne kudeaketarako da eta gainontzekoa zerbitzua eskaintzeko. Horrek esan nahi du zerbitzu horiek pribatizatu egin direla eta pertsona filantropoen jaioterrietan, normalki, diru gehiago edukiko dute, eta ondorioz, zerbitzu hobeak filantroporik ez dagoen herrietako zerbitzuekin alderatuta. Halaber, zerbitzuen kalitatea kaskarragoa izango da, profesionalen ordez boluntarioek  parte hartzen baitute.

Bestalde, dirua ematen duten enpresek zerga gutxiago ordainduko dute eta aurpegia zuritu gainera. Aberatsei uzten zaie dirua kudeatzen, estatuak era berdintzaileagoan burutu ordez; filantropoen esku geratuko da ongizatea.

Filantropo horien arteko ezagunenetako bat Bill Gates da, munduko aberatsena, eta bi fundazio dauzka. Bi horiek 5.000 milioi dolar kudeatuko dituzte. Jasotzaileak: karitatea, bere unibertsitatea, bere herriko elkartea eta abar. Eta ez da ahaztu behar inork ez dituela diru banatzaile horiek  hautatu; hasteko eta behin, estatuko gobernariak bozemaileek aukeratzen dituzte.

Halaber, herrialde atzeratuentzako “laguntzak” estatu garatuek ematen dituzte eta ustelkeria eta diktadore ugari profitatu. Gaur egun, “laguntza” hori ere, hein batean fundazio boteretsu askok gauzatzen dute eta zenbait kasutan multinazionalen zerbitzurako. Dirudienez, Gates fundazioa Afrikako herrialde anitzetan transgenikoak sustatzen ari da, goseari aurre egiteko aitzakiarekin. Atal horretan ere estatua atzera egiten ari da, multinazionalen mesedetan.