Traducido automaticamente do vasco, a tradución pode conter erros. Máis información aquí. Elhuyarren itzultzaile automatikoaren logoa

"Nafarroan hauteskundeotako galtzaile nagusia ehun urteko monopolio informatiboa izan da"

  • Informazioaren indarrak mundua aldatzeko balio du, baita Nafarroan ere.  

Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Agoizkoa zara, UPNko Javier Esparza bezala.

Bai, eta Unai Lako Bilduko alkatea eta Patxi Eugi pilotari ohia bezala. Izatez eta bihotzez agoiztarra naiz. 4 urte nituela Iruñera, Txantreara, bizitzera etorri baginen ere, kuadrila Agoizkoa dut eta aisialdiko denbora beti herrian eman izan dut.

3 urteko mutiko baten aita zara eta orain neskato baten zain zaudete. Kontziliazioa zaila da kazetarientzat?

Bai. Nire emaztea ere kazetaria da eta nik egunkarian ordutegi txarrak dauzkat. Gaueko hamarrak baino lehen bukatzea zaila izaten da. Nire kasuan, gainera, ezinezkoa da etxetik lan egitea. Erredakzioa bizia da: enfokeak adostu behar dira, azken orduko kontuak egoten dira… Talde lana da, azken finean.

Kazetaritza bokazioa duzu?

Gehiago kasualitatea izan dela esango nuke nik. Egia da beti informazioarekin egon naizela interesatuta, baina gaztetan futbolaria izan nahi nuen. UBI bukatutakoan, unibertsitaterako matrikula egin behar nuenean erabaki nuen ikus-entzunezko kazetaritza hautatzea. Prentsa idatzia ez zitzaidan gehiegi gustatzen, lan handia zela uste nuelako. Aurkitu nuen irratiaren bidea eta hortik abiatu nintzen. NET 21 kateko kirol atalean sartu nintzen oraindik unibertsitatean nengoela; Osasunaren futbol partidak jarraitzen nituen Sadarren. Oso oroitzapen politak ditut. Ez nuen ezer kobratzen eta ordu pila sartzen nuen, baina futbola oso gustukoa nuen, partidak ikusten nituen doan eta, gainera, kanpoko ateraldi guztietara joaten ginen. Espainiako futbol zelai handi guztietan egona naiz ni. Hori 20 urterekin oso bizipen polita da. Gero Lanzaroten izan nintzen urtebetez hango egunkari batean. Lagunekin joan nintzen eta esperientzia bezala oso ongi egon zen. Guretzat ia jolas modukoa. Ustelkeriaz asko hitz egiten dugu gaur egun, baina han ezagutu genuena ez dut beste inon ikusi. Eraikuntzari lotuta, politikarien eta komunikabideen arteko interes trukaketa… “Nola da posible hau?” pentsatzen genuen. Gure zuzendariak, adibidez, elkarrizketak saltzen zizkien politikariei, kobratu egiten zuen elkarrizketaren truke.

Iruñera itzuli eta Canal 6 telebista kate jaio berrian hasi zinen.

Bai. Euskaldun bat behar zuten eta horrela sartu nintzen. Kasualitatez. Ondoren Radio Euskadin hasi nintzen lanean asteburuetako albistegietan. Halere hor ez nuen ongi ikusten neure burua. Oso mugatuta sentitzen nintzen eta emaitza ez zen oso ona. 2005ean hasi nintzen kolaborazio batzuk egiten Diario de Noticiasen. Lagun batek, Maria Solanak, utzi zuen euskarazko ataleko ardura eta niri eskaini zidaten. Ondoren Politikan sartzeko aukera izan nuen eta hasieran beldur pixka bat ematen bazidan ere, gogoz hartu nuen. Orduan hasi nintzen nire lanaz harro sentitzen.

Euskalerria Irratian ere kolaboratzen duzu.

Espiritu kritikoan eta duintasunean, Euskalerria Irratia eredugarria iruditzen zait. Zaila da kazetaritza hobea eta duintasun handiagoz egitea. Oztopo guztien gainetik nola ari diren lanean ikusita, ezin diet ezetzik eman saio batean parte hartzeko eskatzen didatenean. Bikain ari dira eta aurpegi onez gainera. Urtean behin afaritxo bat egiten da kolaboratzaileekin, musu-truk egiten duten lana eskertzeko, eta ikusten duzunean zenbat lagun elkartzen garen eta zer nolako kalitatea dagoen hor, harrituta gelditzen zara. Eta hori ez da Euskalerria Irratiak errukia ematen duelako, bere lana oso ongi egiten duelako baizik. Jendea gustura dago eta proiektuaren parte sentitzen da. Euskalerria Irratiak sare sozial sendoa ehundu du Nafarroan azken hogeita zazpi urte hauetan.

Aldaketa politikoa iritsi da azkenean Nafarroara. Zer balorazio egiten duzu?

Aitortu behar dut nahiko harrituta gelditu nintzela emaitzekin. Pentsatzen nuen aldaketarako baldintzak bazeudela baina oso konplikatua izango zela PSNren laguntzarik gabe egitea. Arraroa egin zait Podemos bezalako alderdi bat hain indartsu agertu izana abertzaleei deus ere kendu gabe. Hori ezinbestekoa zen Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-Eren artean hogeita sei eserleku lortzeko. Oso konbinaketa zaila zen: I-Ek eutsi behar zion, Geroa Baik eta EH Bilduk gora egin behar zuten pixka bat eta Podemosek indartsu sartu behar zuen. Gainera esparru politiko eta instituzionala alderdien artean banatuta gelditu behar zen, denek protagonismoa izan zezaten akordioetarako negoziazioa errazteko. Elementu pila bat behar ziren eta, bada, denak batera baieztatu dira.

Eta Ciudadanosek ere bere rola izan du…

Bai, 9.000 pasa boto eskuratu ditu zuzenean zakarrontzira botatzeko.

Zergatik izan da posible aldaketa oraingo honetan?

Jendea uste duguna baina azkarragoa delako. Politikarien aldetik, eta komunikabideetatik ere askotan, oso modu sinplean tratatzen da jendea eta orain ikusi dugu gizarteak zein erantzun azkarra eman duen. Herritarrak nazkatuta daude politikarekin baino gehiago politikariekin. “Kasta” hitza ez zait gehiegi gustatzen, oso orokorra delako eta alderdi guztietan badirelako ordezkari politiko batzuk lan ona egiten dutenak, baina ongi islatzen du pertzepzio bat: politikariak gizartearengandik aldendu direla. Guk egunkarian “erregimena” esaten diogu orain arte izan dugunari. Alderaketa egiten dugu Nafarroa ofiziala eta Nafarroa errealaren artean. Nafarroa ofizial hori itxi egin da izugarri, errealitatetik kanpo gelditu arte, eta jendea horretaz ohartu da. Hortik UPNk galdu dituen 20.000 boto horiek eta Podemosek eskuratu dituen 45.000 bozak. Krisiari erantzuna ematea eta gizarteari politika itzultzea da jendeak eskatu duena. Krisi testuinguru honetan UPNk gestio txarra egin du eta, gainera, bere harrotasun horri helduz, ez du inoiz autokritikarik egin. Aldi berean ikusi dugu nola beldurraren diskurtsoak indarra galdu duen. “Nafarroa desagertuko da” mezuak jada ez du jendea mugiarazten, eta are gutxiago hemendik lau urtera, gobernuak eta udalek lan ona egiten badute eta lehentasunak ongi ulertzen badituzte. Aldaketarako aukera bakarra dago eta ongi egin behar da.

Informazioa giltzarria izan da prozesu honetan. Noticiasen pisua bereziki handia izan da?

Ez dut harroputza izan nahi, eta umiltasunetik diot, baina esan daiteke orain Nafarroa ezin dela ulertu Diario de Noticias gabe eta aldaketa ezin dela ulertu egunkari honek jokatu duen papera aintzat hartu gabe. Nafarroan ongi informatuta egoteko komunikabide asko kontsumitu behar dira eta Noticias ezinbestekoa da diskurtso ofizialaren atzealdea ulertzeko. Uste dut hori izan dela gure lana, bereziki azken lau urte hauetan. Guk aspaldian salatu ditugun gauza asko agerian gelditu dira legealdian zehar. Gure salaketa nagusietakoa izan da Nafarroaren osasuna gaizki zegoela. Nafarroako Gobernuak hori ukatu du eta talka gogorrak izan ditugu horren kontura. Epaitegietara eraman gaituzte askotan argitaratutako berriengatik, adibidez. Baina egia da, eta hauteskundeetako emaitzek hala erakusten digute, jendea gurekin bat datorrela. Gurekin batera beste eragile sozial, mediatiko eta politiko asko gogor aritu dira lanean Nafarroa erreala erakusteko zeregin horretan.

Diario de Navarra indarra galtzen ari da?

Hemen Nafarroan monopolio mediatiko gogorra egon da ehun urtez, baina hori amaitu egin da. Politikariek, enpresariek… ohore egin eta baimena eskatu diote modu sistematikoan. Hauteskunde hauetan galtzaile nagusia monopolio informatiboa izan da. Ez dakit erregimenaren hondamendia eta monopolioren desegitea noraino bata bestearen ondorioa edo kausa den. Biak elkarrekin doaz.

Demografia eta teknologia berriak ere monopolio horren kontra doaz?

Bai, hala da. Jendeak eskura ditu informazio iturri gehiago eta doan, gainera. Gure webgunean adibidez, oso parekatuta gabiltza Diario de Navarrarekin. Horrek erakusten du jendeak biak kontsumitzen dituela.

Ikerketa kazetaritza sakona egin duzue hainbat aferetan; CANen dietak bistarazi zenituzten, adibidez.

Dieten kontua gure arrakasta mediatiko handienetakoa izan da. Beste hainbat komunikabiderekin alderatuta, enpresa handiagoa gara eta horretan abantaila dugu. Beste askok baino langile gehiago dugu eta horrek aukera ematen digu eguneroko lanaz gain beste gai batzuk denboraz lantzeko. Komunikabideetan oso garrantzitsua da giza baliabideak izatea. Hori enpresari askok ahazten dute. Eta eskarmentua ere behar da espiritu kritikoa izateko eta prentsa oharren atzean irakurtzen jakiteko, bestela komunikazio agentzien eta kabineteen eskutan gelditzen zara. Ni ez naiz duela hamar urteko kazetari bera eta, modu berean, bekadun batek ezin du nire lana egin, ez ni bereziki ona naizelako, baizik eta logikoa delako.

Barcinaren zigorra izan zara?

Ez dut uste. Ni lantalde bateko pieza bat besterik ez naiz, baina agian Noticiasen aurpegia izan naiz berarentzat. Aldaketaren eragileak asko izan dira: parlamentari batzuek eginiko lan bikaina, Kontuz bezalako eragile sozialak, osasungintzaren alorrean izan diren salaketa guztiak…

Zer gertatuko da orain Barcinarekin?

Ez dakit eta egia esan ez zait gehiegi axola. Alderdiak gainetik kendu du. Jarraitzen du UPNko presidente gisa, baina hemendik ez oso luzera kenduko dute. Oso esanguratsua da ikustea Barcina nola irten den Gobernutik, alderditik eta, seguruenera, nola irtengo den Nafarroatik: ate txikitik. Madrilera joanen da eta inork ez du faltan sumatuko.

Kazetariok bai…

Eta nik pertsonalki agian ere bai, mediatikoki gozamena izan delako: katramila batetik atera eta hurrengoan sartu. Niri arratsalde loriagarriak eman dizkit. Egun Barcina UPNrentzat zama bat da. Elitismoa, irribarre faltsua eta auto ofizialaren politikamolde zahar hori ordezkatzen du. Agian zorte txarra ere izan du eta Sanzek eta aurrekoek egindako hutsegite guztiak berak jan behar izan ditu: Navarra Arena Sanzen kontu bat izan zen, dietena Sanzek eta Enrique Goñik diseinatu zuten, Volkswageneko BEZarena aspalditik zegoen lotua… Denak herentzian iritsi zaizkio, baina oso gaizki kudeatu ditu.

Ez da izan berak uste zuen liderra?

Azken lau urteotan Nafarroan benetako lidergoa falta izan da. Lidergoa beharrezkoa da gizarte batean, baina Barcinak agintekeria erakutsi du, lidergoa baino. Mezu oso sinpleez baliatu da eta horrek soilik balio du dirua duzunean.

Uxue Barkos izan daiteke lider hori?

Jendeak ezaugarri hori bilatu du berarengan, nire ustez. Orain ikusi beharko da nola erantzuten duen. Ez da batere erraza izango lau alderdi batzea gobernu baten inguruan. Nafarroa Bairen baitan lortu zuen alde desberdinen integrazioa eta orain ikusi beharko da ea gobernuan ere lortzen duen. Eskuzabaltasuna behar du eta bere boto emaileak ez direnak ere integratu. Bi Nafarrotan bizi izan gara orain arte, bazterketaren Nafarroan, eta euskaldunok bereziki baztertuak izan gara. Bloketako politikan ez erortzea berriro Nafarroaren erronka nagusia da, baina interes politiko asko egongo dira hori zangotrabatzeko. Alde horretatik oso zentratuak ikusi ditut bai Uxue Barkos bai Joseba Asiron ere. Sanferminetako prozesioan parte hartuko duela esan du Asironek, esate baterako. Batzuei seguru hori ez zaiela gustatu, baina ez dugu ahaztu behar Iruñeko alkatea denen ordezkaria dela eta hauek direla gizarteari bidaltzen zaizkion mezuak. Barkosek PSNri atea irekitzea ere beste keinu bat da. PSN ez da sartuko, baina jendeari bidalitako mezua hor dago. Kontu txikiak dira benetan garrantzitsuenak, jendeari eragiten diotenak.

Euskalgintzak arnasa hartuko du azkenean?

Bai, eta hain gaizki bizi izan garenez arnasa hartzearekin konformatzen gara. Harri bat izan dugu beti gainean eta soilik harria gainetik kentzearekin nahikoa izango dugula iruditzen zaigu. Halere, nik uste dut zorrotz jokatu behar dugula eta anbizioa izan guri dagokiguna eskatzeko, baina poliki. Hemen, eskaladan bezala, pauso txikiak baina ongi lotuak eman behar dira, atzerapausorik ez dadila izan.

Nafarroako eskuinak berrasmatu egin beharko du bere burua?

Nafarroaren aniztasuna onartzera behartu beharko dugu. Zenbakiak begiratuta Nafarroa ez dela horrenbeste aldatu ikusten da. Jendeak aukera bat eman dio aldaketari, besterik ez.

Nortasun agiria

Ibai Fernandez Lakabe. Agoitzen jaioa 1980ko otsailaren 6an. Kazetaria. Diario de Noticiaseko Politika saileko erredaktorea eta Euskalerria Irratiko kolaboratzailea. Prentsaurrekoetako kazetari zirikatzailea. UPNren zigorra, azken legealdian bereziki. Bere lan periodistikoen artean, desagerrarazitako CANen dieten inguruko informazioa azaleratzea nabarmendu daiteke.

Miguel Sanzekin

“2007ko hauteskunde kanpaina orain ikusi duguna baino gogorragoa izan zen UPNren aldetik. Orduan egin zuten Nafarroa saltzearen aurkako manifestazio hura, adibidez. Miguel Sanz parlamenturako hautagaia zen eta behin eta berriz elkarrizketa eskatuta ere, ez zegoen modurik. Azkenean onartu zuen gurekin solas egitea kanpainaren azken egunean, arratsaldeko zortzietan eta Monteagudon, Nafarroako azken herrian. Oso galdeketa gogorra izan zen eta bukatutakoan, Sanzek alde egin ondoren, ohartu nintzen ez nuela ezer grabatu. Sanz mitin batean zegoela, lortu nuen harekin hitz egitea eta bi ordu beranduago berriz elkarrizketa egiteko aukera eman zidan. Txantxetan esan ohi dut hauteskundeak gau hartan egin izan balira nik botoa Sanzi emango niokeela”.

CAN dietak

“Nafarroako kutxa erabili zuten poltsikoa betetzeko eta interes politiko batekin. Zuzendaritzak aginte politikoa erosi zuen. Epaitegi Gorenak nahi duena esan dezake eta nik ez diot eztabaidatuko, baina legearen irakurketa interesatua egiten dute eta ez nator bat”.

Datozen Sanferminak

“Sanfermin hauek oso garrantzitsuak izango dira: Iruñeak festa egiten badu normaltasunez, iskanbilarik eta kontu artifizialik gabe, beldurra gaindituko da. Irailean jende askok ahaztuta izango du alkatea nor den ere eta horrek normaltasuna erakutsiko du. Kontu txikietatik etorriko da aldaketa handiena”.

Beldurra

“Aldaketarengatik ikaratuta dauden horiei beldurra kendu behar diegu. Hemendik lau urtera beldurrik ez izatea lortzen badugu, nik uste aldaketa betirako izango dela. Mentalitate aldaketa hori lortzen badugu, beste Nafarroa bat izango dugu etorkizunean”.


Interésache pola canle: Kazetaritza
2024-11-28 | Julene Flamarique
Serie 'Feminizketak' e proxecto 'Ikusgela': gañadores dos Premios de Xornalismo Rikardo Arregi deste ano
A entrega dos premios Rikardo Arregi realizouse este mércores na localidade guipuscoana de Andoain. O Premio de Xornalismo foi para a serie Feminizketak, publicada en Berria, e o proxecto Ikusgela, da Asociación Cultural Wikilarien Kultura Elkartea, recibiu o Premio de... [+]

2024-11-27 | ARGIA
Gaur banatuko dituzte Rikardo Arregi Sariak

Kazetaritza arloko zortzi finalisten artean dago June Fernández, ARGIAn argitaratutako Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa? erreportajeagatik. Sari banaketa ekitaldia Andoainen egingo dute.


Israel adopta medidas para afogar o xornal 'Haaretz', crítico co Goberno, co obxectivo de acabar con el
O Goberno israelí ha adoptado esta medida en resposta a unhas declaracións do editor do diario, Benjamín Netanyahu. "O réxime de Netanyahu é cruel e está a facer apartheid", dixo o editor de Amos Shock nunha conferencia ofrecida en Londres hai un mes, ás 10:00.

2024-11-15 | Sustatu
The Guardian e A Vangarda deixan X/Twitter
O diario británico The Guardian e o catalán A Vangarda, que edita unha edición máis estendida en español pero tamén en catalán, anunciaron onte a súa decisión de abandonar a rede social X/Twitter por converterse no foco da desinformación.

Programa 'Barraka'
Aposta de ETB, pero en segundo plano
Este domingo, 17 de novembro, estréase na plataforma Primeran de EITB o programa en formato latexa-night que se titula Barraka. A produción corre a cargo de Hiru Damatxo, un espectáculo cheo de humor e baseado no humor.

Elixabete Garmendia Lasa
“He vivido como oportunidade e reto traballar o xornalismo en eúscaro”
A ormaiztegiarra Elixabete Garmendia Lasa foi unha muller pioneira no xornalismo en eúscaro. Na década dos 70 tivemos a oportunidade de falar sobre a súa extensa traxectoria desde que empezou a traballar na revista 'Zeruko Argia'.

2024-11-07 | June Fernández
Violencia machista
Jare quere difundir o relato da súa agresión sexual
O Concello de Bilbao e varios medios de comunicación informaron dunha violación perpetrada por unha moza durante a madrugada, sen o consentimento da vítima e de forma sensacionalista. A muller buscara nas redes sociais outro tipo de alianzas para facer fronte á... [+]

2024-11-06 | Julene Flamarique
O xurado anunciou o oito finalistas dos Premios de Xornalismo Rikardo Arregi
Os organizadores da gala entregarán o Premio de Xornalismo e o Premio da Comunicación. O xurado elixiu a catro finalistas por cada un dos premios aos que optará. June Fernández é unha das finalistas do Premio de Xornalismo pola reportaxe “Adolescentes e educación... [+]

Eguneraketa berriak daude