argia.eus
INPRIMATU
Emile Larre euskal kulturaren sustatzailea hil da
Onintza Irureta Azkune @oirureta 0000ko ren 00a
Emile Larre 1951n apaiztu zen. 
Idazlea eta kazetaria izan zen, eta bertsolaritza sustatu zuen. 
Argazkia 1991koa da.

2015eko maiatzaren 30ean hil zen Kanbon 89 urte zituela. Apaiza, kazetaria eta idazlea izan zen.

1969. urtean Herria astekariko zuzendari izendatu zuten eta 33 urtez aritu zen kargu horretan. Astekaria baino lehenagoko garaietan Sokorri goitizenarekin sinatzen zuen Gazte aldizkarian. Euskal Liturgian eta eliz testuetan itzulpenak egiten aritu zen. Belokeko monasterioan elkartu zen taldeko kidea izan zen eta liturgia latinetik euskarara itzultzeko lanetan aritu zen.

1967an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1975ean euskaltzain. Aiherar euskal idazle batzuen goresmenez izeneko sarrera hitzaldia egin zuen. 2006az geroztik euskaltzain emeritua zen. Euskaltzaindian herri literatura landu zuen batik bat eta Herri Literatura batzordeko kidea izan zen.

Haurtzaroan bertso girorik bizi ez bazuen ere bertsozale sutsu bihurtu zen Teodoro Hernandorenaren eskutik. Herria astekarian lanean hasi zenean Ipar Euskal Herriko bertsolari gazteei bertso idatziak bidaltzeko bidea ireki zien. Epaimahaikide izan zen zenbait alditan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian eta Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Bertso jarriak idazten zituen. Bertsularien Lagunak Elkarteko kide zen.

Hainbat bertsolariren lanak bildu zituen Larrek, hala nola, Ernest Alkatenak, Jean Pierre Mendibururenak, Joanes Arrosagarairenak eta Xanpunenak.

1990ean Argia Saria jaso zuen, ordurako euskal kulturan egina zuen ibilbideagatik.