Hauteskunde aurreko kanpainan, CUPen spot bat ikusi nuen non emakume ahots batek Ovidi Montllorren Serà un dia que durarà anys poema errezitatzen duen artean, ezin adierazgarriagoak diren irudi batzuk agertzen diren.
Bideoaren ideia inozentea da itxuraz, sinplea: eszena diafano batean bi lagun sartzen dira, genero, jatorri, arraza, kultura... anitzetakoak eta haien artean besarkatzen dira, batasun hori adieraziz edo. Bideoaren amaieran ordea, argiak ilundu, musika sakon eta baxu bat sartu eta neska bati gorbatadun gizon bat datorkio besarkada ematera. Une horretan, eta atzetik datozen beste hainbat gorbatadunei, sekulako astindua ematen die neskak. “Historia aldatuko dugu”, dio leloak, eta bideoa amaitzen da.
Ez da ez kasuala irudi hori erabaki izana bozka aurreko kanpainarako, izan ere, David Fernandezek eman zuen besarkada hark CUPek nor besarkatu nahi duen eta nor ez birpentsatzea ekarri du. Gurean besarkadak dabiltza dantzan orain, eta “ez inoiz bizkarrik eman besarkatzaile onari”, diote haiek. Ez ahaztu, besarkatzaile onen atzetik, labankadak ere etortzen dira maiz.