Miribilla, Bilbo, 2015eko urtarrilak 10, arratsaldeko 16:30ak. Euskal presoen aldeko manifestazioaren berri ematera noa Argiarako eta autoa aparkatu ondoren kafetxo bat hartzera sartu naiz taberna txiki batean. Hiru bezero bakarrik gaude, bi ozen ari dira kalakan, gizonezko bat batez ere: “Gure bizkar bizitzera datoz kanpotar horiek, lanik egin gabe bizitzera… guretzat beharko ez bagenu moduan… zer uste dute… eta gu irentsi eta irentsi… noiz espabilatuko dugu?”.
Ez nuen bakero ausartarena egin. Entzun, kafea irentsi eta alde. Ez dakit Intxaurraga, Fernandez, Agirre edo Lekue zen, baina Javier Marotoren berbak ziren, haren zakarkeria berdinaz jaurtita. Sarri entzuten direnak, ezer berririk ez alde horretatik.
Aste batzuk geroago etorriko zen ezohikoagoa dena, gertuagoko mahaian eta gertuagoko pertsonak: “Kalean jende askok pentsatzen du horrela… iruzurra ematen dela diote dakitenek… eta datozen guztiei irekiko dizkiegu ateak ala?... denak etorriko dira?”. Deabruaren abokatua. Uste dut.
Lehenago Mexikoz aritu dira, bertan Aberri Egun baten karietara euskal herritar talde batek egindako bazkariaz. Diruduna da etxeko jabea. Beti izango ote zen hala? Haren arbasoak iritsi zirenean ere bai? Mahai bueltan diren guztien arbasoak “hangoei haiena kentzera” joan ote ziren? AEBetan egun populazioz bigarren komunitatea osatzen duten hispanoak lorez eta lurrinez hartuko ote zituzten hegoaldeko mugetan diren pasabideetan?
Gezurra Maroto! Berak badaki, baina 41.000 sinadura lortu ditu Eusko Legebiltzarrean ekimen legegilea bideratzeko. Boto ehiza. EAEko populazioaren %6,9 da immigrantea (Araban %8,3, Espainian %10,7) eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) %40 immigranteek jasotzen dute. Adolfo Alustiza Lanbideko zuzendari nagusiak otsailean jakinarazi zuenez, %0,3 da DBEn ematen den iruzur kopurua. Hutsaren hurrengoa, esate baterako, EAEn ematen den BPGaren %20ko zerga iruzurrarekin konparatuta (Ogasun Ministerioko Teknikarien Sindikatua, 2013ko datuak). Dirutan: 1,2 milioi euroko iruzurra DBEn eta 13.560 milioi urteko zerga iruzurra. Diru publikoa azken zentimoraino kontrolatu behar da, baina bistan da badirela garrantzia desberdineko gaiak.
EAEn DBE bidez diru laguntza soziala banatzen bazaie immigranteei denak etorriko dira? Gezurra berriz ere. Immigranteak doaz haientzat lana den lekuetara, horregatik joan dira askoz gehiago Espainiako hainbat lurraldetara, eraikuntza, ostalaritza eta nekazaritza lanpostu gehiago direlako han. DBE estatu osoko diru-laguntza sozialeko sistema oparoena da, baina ez du dei-efekturik izan; horregatik ez dago immigrazio kopuru handiagorik EAEn. Egiazki, kopurua txikitzen ari da: 2012an eta 2013an immigrante kopuruak behera egin du EAEn (2013an ia 8.000 immigrante gutxiago Immigrazioaren Euskal Behategiaren datuetan).
Baina Javier Maroto eta PPrentzat botoak pertsonen duintasuna baino garrantzitsuagoak dira, edozerk balio du gorrotoaren bandera astintzeko, hori egiten baitu 41.000 sinadurako kanpaina bilketa eginez. Bera PPko parlamentaria da Eusko Legebiltzarrean, PPk 10 parlamentario ditu, nahi adina lege proposamen bidera dezakete, baina nahiago dute herritarren ekimeneko aukera baliatzea. Adierazgarria erabat.
Eta orain Javier de Andrés PPko Arabako Ahaldun Nagusia gehitu zaio gurutzadari: immigranteak bakarrik ez, euskara elkarteetan ari den Bildu, Batasuna eta gisako jendilajea da Arabaren azken hamarkadetako izurritea. Berriako De Rerum Naturako kapitulu berri batean –Morralla– Euskal Michael More kazetari ezagunari De Andresek emandako erantzuna ezin adierazgarriagoa izan da. “Araban bizi den jendea arabar biztanleak dira?”, galdegin dio kazetariak, “Bai, salbuespenekin...” erantzun honek. “Zeintzuk dira salbuespenak?” “Magrebetik, Gipuzkoatik eta Bizkaitik etorritakoak”, borobildu du diputatu nagusiak.
Europarrok Charlie gara, baina ez Binata, Shengor, Abdul edo Jaineba. Ez dakidana da nola garen platerrean duguna irensteko gai, Mediterraneoak gure begien aurrean beste 950 gorpu irentsi dituenean.