argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako beste mapa
Lander Arretxea @larretxea 2015eko apirilaren 04a

Santsekoaren gisako auzoz auzoko sareez gain, bada Katalunia osoko ekonomia sozial eraldatzaileko ekimenak biltzen dituen egitura bat. Xarxa d´Economia Solidaria du izena (XES). Gizarte justu eta parte-hartzaileago baten alde lanean ari diren 150 kooperatibek osatzen dute gaur egun, eta sektoreka zein eskualdeka azpitaldeak ari dira antolatzen. Ekonomia sozial eraldatzailea praktikaren bidez sustatzen duen indar antolatu izendatzen dute euren burua, eta berriki, elkarteei eto izaera juridiko jakin gabeko ekimenei ere sarera batzeko aukera ematea erabaki dute.

Sarea zabaltzeko baliabideak eman eta ikastaroak antolatzearekin batera, jada osatu duten sarea ikusaraztea dute erronka. Asmo horrekin, eta SETEM elkartearekin elkarlanean, Pam a Pam ekimena jarri dute martxan. Kataluniako mapa interaktiboa osatu dute, eta bolondresen laguntzarekin, ekonomia sozial eraldatzailearen baitako proiektu guztiak ari dira bertan kokatzen. Bilatzaile baten bitartez, herri edo eskualde bakoitzean dauden ekimenen berri izateko aukera ematen du mapak. Norberak bere balio eta irizpideen araberako produktu eta zerbitzuak kontsumitzeko aukera errazten dute hala.