Gure kaleak izendatzeko plaken %10ak baino ez omen darama emakumezko baten izena. Ehuneko horren barnean omen daude, “inork ezagutzen dituen emakumezkoak”, abizenik gabe azaltzen diren “izen herrikoiak”, eta nola ez, santak, mojak eta Ama Birjinak.
Espazio publikoa hartzeko dugun beharraz barre egin izan digute maiz, histeriaz blai ari garela, gehiegikeria dela gure errekonozimendu antsia. Eta estatistikak gogoko ez baditut ere, gaurko datuak ez du erantzunik onartzen.
Era berean, Hernanin Andre Kalea berreskuratu dugu, ez gainera izerdi gutxirekin. Ez dizkiot zorionak besterik eman nahi hainbeste urtean borrokan aritu den horri, eta bidean batu garen guztioi.
Baina kaleak ez ditugulako plaka batzuen bidez soilik gureak egingo, martxoaren 14an Hernaniko kaleak beste era batera hartzeko aukera ere izango dugu emakumeok. Izan ere, sagardotegi garaiko gehiegikeria sexistek, baboseoak eta gainontzekoek adi entzun beharko dute, gurea dena berreskuratzera gatozela. Nazkatuta egoteaz gain, haserrea borborka izateaz gain, gurea denari izena jartzera baikatoz; eta jada, ez dugu baimenik eskatzen.