Hamar mahaiko gela, pertsona bat mahai bakoitzean Interneterako sarbidea duen ordenagailuarekin lanean, ondoan telefonoa. Ez litzateke arraroa baldin eta bertan diharduen bakoitza enpresari txiki, ekintzaile edo langile independentea izango ez balitz, espazioa partekatzen. Coworking du izena lan eredu honek, eta espazioa partekatzetik harago doa.
AEBetako San Frantziskon du jatorria coworkingak, han jarri zuten-eta mota honetako lehen espazioa 2009an. Mundu osora hedatu da ordutik eta gurean ere egin du lekua azken urteetan. Horren erakusle Coworking Spain elkarteak 2013an egindako inkesta batean Iruñea sartu izana coworking asko zituzten hirien artean.
Optimus Coworking-ak, adibidez, urte horretan ireki zituen ateak, baina urtebeteren buruan txiki geratu zen eta lekuz aldatzearekin batera jauzi kualitatiboa egin zuen iaz. Egun Iruñeko erdigunean dago eta Fab Lab Coworking du izena. Jose Ignacio Cenozek bertan egiten du lan, berak sortutako Crealider enpresan. 2010ean eratu zuen enpresa eta coworkingera heldu arte etxetik aritzen zen: “Lan giroa falta nuen, ni bezala bere enpresa eta marka aurrera ateratzeko borrokan ziharduen jendea. Coworkingean zure bide berean doan jendea duzu, sinergiak topatzen dituzu, elkarlana, kontaktuak partekatzea, bezeroak, erreferentziak eta informazio praktikoa”. Bere arazo eta poz berdinak izango dituen jendea inguruan izatea asko baloratzen du.
“Hemen egiten dudan lana etxean ere egin nezakeen, baina giroak bereganatu egiten zaitu. Albokoa haserretzen denean kontatu egiten du eta arrakasta duenean ere bai. Zuk ere izan nahi duzu kontatzeko zerbait ona”, dio Agustin Cabanillasek, Zarauzko Don Poliza enpresaren arduradunak. Kontzentrazioa lortzeaz gain, alde ekonomikoa azpimarratzen du, izan ere, herrian bulego bat alokatu beharko balu askoz gehiago ordaindu beharko luke. “Ekintzaile izan nahi baduzu, hasieran ezin duzu gastu askorik izan, jendeak ezagutu, zure proiektuak aurrera egingo duela ikusi eta martxan jarri arte bi urte pasa daitezke eta ezin duzu hilero 1.800 euroko gastua egin”. Aitortzen du garestia izan balitz ez litzatekeela coworkingeko lan giroan murgilduko, baina aurten bi urte egingo ditu Zarauzko Bulegoak-en eta hilean 90 euro inguru ordaintzen ditu.
Leku irekiak dira coworkingak, bai itxuran bai harremanetan, eta gutxien espero denean sor daitezke norbera garatzen ari den lanaren inguruko elkarrizketak. Horren lekuko izan gara Fab Lab Coworking-en, Cenozekin hitzordua egin eta hogei minuturen bueltan, garatzen ari diren proiektuen berri emateko espazioko beste bi kide elkarrizketara batu zaizkigunean. Pentsa liteke, beraz, euren artean ere naturaltasun berarekin sortzen direla harremanak, baita sinergiak ere.
“Espaziokoak elkarrekin lehian ez aritzen saiatzen gara. Enpresa batek izan dezakeen beharra coworkingeko beste profesional batek ase dezake”, azaldu du Cenozek. Eta kidea da harreman hori bideratzen duena: “Ni ez naiz aditua kontabilitatean eta bezero batek esaten badit arlo horretaz arduratzeko norbait behar duela, hona etorri eta hemen gai horiek kudeatzen dizkigun pertsona aurkeztuko diodala esaten diot. Egunero berarekin egiten dut lan eta badakit zertan dabilen, konfiantza dut beragan”.
Luis Arrieta Fab Lab Coworking-eko kudeatzaile eta erabiltzailea harago doa sinergiaz jardutean: “Lana ulertzeko modua aldatu eta bezero batek lan-kate bat sor dezan ahalegintzen gara. Adibidez, nik optika batentzat proiektu bat garatzen badut, obraren zuzendaritza Coworkingeko aparejadoreak egin dezala, eta bezeroa gurera ekarri dugunez, Cenozek sare sozialen kudeaketa azter diezaiola eta beste kide bat kontabilitateaz arduratu dadila. Batzuetan lortzen dugu eta bestetan ez”.
Zenbaitetan espazio berean lanean ari direnen artean sortzen dira proiektu berriak. Norbaitek ideia bat badu, ondokoak hori osatzeko falta dena eman dezakeela azaldu du Cenozek: “Abiapuntu horretatik orain garatzen ari diren negozio berriak sortu dira hemen. Eta negozio orokorragoen ideiak daude, guztion artean enpresa edo negozio ildo berri bat sortu ahal izateko”.
Elkarrekin erlazionatu eta sareak zabaltzeko hainbat ekintza antolatzen dituzte ereduotan, hala nola, gosariak eta euren proiektuen aurkezpenak. Kanpora begirakoak ere lantzen dituzte eta bertako kideen kontaktuez baliatzen dira horretarako. Ekintza horiek egitasmo berrien sorburu izan daitezke, Fab Lab Coworkingen eratzera doazen ingeleseko elkarrizketa taldeak kasu: “Ingeleseko akademia duen Cenozen kontaktu batek proposatu zigun iaz eta berak ezin izan zuen aurrera eraman taldea, baina orain beste batekin egingo dugu”. Irakasleak ingeleseko akademiako elkarrizketa taldeak Coworkingera eramango ditu eta trukean espazioko kideek elkarrizketa talde bat osatuko dute. Gauza bera egingo dute Nafarroako Ingeniería Sin Fronteras GKEaren kontsumo taldearekin ere. Lokalik gabe geratu dira eta kontsumo taldea Coworkingetik antolatzeko proposatu diete, batetik kontsumo jasangarriagoa ezartzeko eta bestetik espazioko erabiltzaileek otarrak zuzenean jasotzeko aukera izan dezaten. “Horrelako proiektuek balio erantsia ematen diote espazioari”, uste du Arrietak.
Hala ere, hitzaldiak izaten dira coworkingak ezagutzera emateko ekitaldi ohikoenak. Iruñeko gunean, esaterako, Esteban Morras Nafarroako Energia Hidroelektrikoa korporazioko –egungo Acciona-Energia– sortzailea izan dute duela egun gutxi enpresa nafarraren sorreraz, ekintzailetzaz eta energia berriztagarrien beharraz hitz egiten. Hitzaldiak irekiak izaten dira eta Morrasek jende ugari bildu zuen.
Ekitaldi ireki horietako bati esker ezagutu zuen Amaia Aragonesek Bilbao Eutokia coworkinga: “Ikastaro bat egin nuen eta nire kabuz lanean hasi behar nuenean planteamenduak konbentzitu egin ninduen, sorkuntzara bultzatzen duelako eta giro ona dagoelako”.
Denbora gutxi eman du Movimiento Es Salud enpresa Boluetako espaziotik zuzentzen, 2013an sortu bazuen ere, irailean hartutako amatasun baja tarteko lanera itzuli berria delako. Sinergiez galdetuta, adierazi du oinarrizkoenean topatu duela, enpresa eratzeko administrazio kontuetan, baina zenbait zailtasun ere ezagutu ditu: “Honelako lekuetan sinergiak bilatzen dituzu, baina teknologia arloan aritzen ez bazara, bizi garen garaiotan, zaila da”. Heldu berritan hitzaldi eta mintegietara joateko aholkatu zioten, jendea ezagutzen zelako, baina “berrikuntzaren munduaz hizketan hasi eta zertaz ari ziren banekiela ziurtzat ematen zuten”. Berria izaki, lotsa ematen zion ez zuela ulertzen esateak, bera bezala osasun arloan aritzen den beste ekintzaile batek egoera berean zegoela adierazi zuen arte. Harrezkero, lotsa galdu du eta azken urtean asko ikasi duela aitortu digu.
Bere aurtengo egitasmoen artean dago ekintzak antolatu eta hasieratik ezagutzen dituen Bilbao Eutokiako bilera gela horiek enpresen aurrean ezagutzera emateko erabiltzea.
Amaia Aragonesen pertzepzioa egiazkoa da: coworkinga, edo hobe esanda lan eredu honetan ari diren langileak teknologiaren munduarekin lotuta daude sarri. Cenozek dioenez, “halako lekuetan gabiltzanok ohituta gaude teknologiarekin lan egitera, Smartphone-a bezalako gailu sinpleetatik hasi eta errealitate areagoturaino”. Berak ere teknologia berriei lotuta egiten du lan, Crealider enpresentzako sare sozialak kudeatzeaz eta online komunikazioaz arduratzen baita.
Bilboko coworkingen nondik norakoak jasotzen dituen Coworkalari dokumentalean Paula Garaialde Bilbao Koworking-eko kudeatzaileak esana da sektore sortzaileenak tribuan bizi daitezkeela eta beste sektore batzuek leku aberatsagoetan behar dutela eurentzako espazioa. “Hori da konpondu beharko genukeen desberdintasunetako bat. Zergatik ez dugu hemen banketxeen mundutik etorri den eta zerbait egiteko enpresa txiki bat sortu duen inor? Edo abokaturik?”, galdetzen du. Egon, badaude, abokatuak bai bederen, baina ez agian diseinatzaile, programatzaile, arkitekto, argazkilari edo kazetarien proportzio berean.
Cabanillas aseguruetan dabil eta hau ere ez da ohiko sektorea coworkingetan. 25 urteko esperientzia du aseguru-artekaritzan, baina Don Polizaren bitartez zerbitzu berria eskaintzen du: bezeroak aseguruen adar teknikoetan espezializatutako aseguru-artekaritzara bideratzeko interneteko plataforma. “Adibidez, badago karabanak eta autokarabanak aseguratzen espezializatu den aseguru-artekaritza bat. Akordio batera heldu da aseguru-etxe batekin produktu horiek aseguratzeko, denbora jakin batean ibilgailu kopuru jakin bat bideratuko dizkiola agintzen dio eta trukean prezio merkeagoa lortzen dute aseguruetan. Nik, espezializatutako aseguru-artekaritza horrekin elkarlan akordio bat lortu eta nigana karabana edo autokarabana aseguratzera etortzen direnak haiengana bideratzen ditut. Badakit eurek dutela preziorik onena eta ez dut denborarik galtzen nora bideratu pentsatzen”. Negozioa martxan jarri eta urte eta erdira Hegoamerikarako jauzia egin du, sareak ematen dizkion aukerak aprobetxatuta.
Coworkinga norberaren beharretara egokitu behar da eta Aragonesek, esaterako, bere osasun enpresaren bulegotzat erabiltzen du espazioa: “Bezeroekin hitz egiteko edo elkarrizketetarako lekua eskaintzen dit”. Enpresetan osasun programak txertatzea du xede, “oso garrantzitsua delako ariketa fisikoa eta ohitura onak egunerokoan sartzea, langileek bizi-kalitate hobea izan dezaten eta ondorioz errendimendua ere hobea izan dadin”.
Aragonesek lana burutzeko nahikoak ditu Bilbao Eutokiak bere gune irekian eskaintzen dizkion bulegoko ohiko zerbitzuak: mahaia, Interneterako sarbidea, telefonoa, behar diren izapideak egiteko postakutxa, bilera gela erabiltzeko aukera… Gainera, aholkularitza juridiko eta ekonomikoa dute, eta bertako koordinatzaileak beste espazioetakoekin harremana bideratzen du zalantzak argitzeko. Coworking bakoitzak, ordea, bestelako zerbitzuak izan ditzake bere ezaugarrien edo espezializazioaren arabera, telebista platoak edo 3D inprimagailuak, adibidez.
Erabiliko den ordu kopurura egokitutako tarifak eskaintzen dituzte: lan jardun osokoak edo jardun erdikoak. Hilean 90 eta 250 euro artean kosta daiteke gutxi gorabehera. Aukerak zabaltzen ari dira eta ondorioz, egun edo ordu batzuetarako lekua har daiteke, baita bilera gelak alokatu ere.
Prezioak eta proiektuak modu ezberdinean garatzeko aukerak erakartzen ditu coworkingetako kide asko, zenbaitek egitasmoak amaitzearekin batera uzten dute espazioa eta beste batzuek negozioa hazitakoan. Aragonesek asmo hori du: “Epe luzera neure lokala eduki nahi dut eta kirol kudeaketaren eta osasun programen administrazioa eraman. Zentroan pilates, muskulu-heziketa eta yoga eskaini nahiko nituzke. Eta oso handia balitz, dantzako profesionalak hezteko gune txiki bat izan nahiko nuke”.
Cenozek izan du bere negozioa hedatu eta kolaboratzaileren bat kontratatzeko aukera, baina coworkingetik alde egitea baino, lan taldea Fab Lab Coworkingen sartzea pentsatu zuen: “Mota honetako guneek kolaboratzaile bat, bi edo hirurekin bertan sartzeko malgutasuna eskaintzen dute”.
Cabanillasek harago begiratu eta etorkizuna halako guneetan eraikiko dela uste du: “Akatsa da horrelako leku batetik alde egitea, baita dirua edukita ere. Enpresak berriro martxan hasten direnean, dena aldatuta egongo da, lehengo lan egiteko modua amaitu da. Jendea nekatuta dago zain egoteaz eta bere kabuz ekiten dio”. Herri bateko coworkingean dago bera, eta bi pertsonek soilik osatzen dute espazioa, baina negozio zentro batean egonda, gainerako bulegoetako jendearekin coworkingekoaren antzeko harremana sortzen dela azaldu du. “Inoiz ez nukeen pentsatuko Zarautzen horrelako aukerarik izango nuenik, baina aurkitu nuenean niretzako egina zegoela pentsatu nuen. Nik beti esaten dut herrian dagoen gauzarik newyorktarrena dela hau”.
Copenhague, 18 de decembro de 1974 Ás doce do mediodía chegou un ferry ao porto, desde onde desembarcou un grupo duns 100 Santa Claus. Traían consigo un ganso xigantesco. A idea era facer unha especie de “Ganso de Troia” e, ao chegar á cidade, sacar por dentro os... [+]
Os orzamentos e o peche das contas anuais non son nada máis nestes tempos, desde a economía doméstica até a maioría dos espazos socioeconómicos que compartimos. As grandes empresas comezaron a extraer calculadoras e a pór en marcha grandes plans de face a 2025... [+]
LANBIDE puxo en marcha unha campaña de loita contra a fraude nas Rendas de Garantía de Ingresos e creou unha caixa de correos anónima de denuncia. Respondendo as críticas recibidas, indica que esta caixa de correos é un mero instrumento para ordenar denuncias e... [+]