EGILEA ::diskoa
autoekoizpena
iraupena ::43´31´´
prezioa ::12.20€
Operazaleok ilusioz espero dugu urtero udaren ostean OLBE-ren denboraldi berriaren irekiera. Aurtengoa ohikoa baino beranduago suertatu da; izan ere, krisiaren poderioz 63. denboraldi honek bost titulu besterik ez du izango (normalean zazpi izaten dira), eta, beraz, irailean hasi ordez azaroan izan dugu lehenengo emanaldia. Hori bai, krisia eta guzti, kalitatea bere horretan mantentzen da eta betiko gustua eta “savoir faire” hori, antolatzaileen aldetik, nabarmena da.
Hasteko, Tutto Verdi izeneko zikloaren barruan, konpositore honen lan fresko eta indartsu bat: Attila. 33 urte zituen Verdik opera hori bukatu zuenean, eta nabaria da lan horretan musikariak gaztaroko obrei inprimatzen zien bizkortasuna. Libretoa, Francesco Maria Piave eta Temistocle Solera-rena, interesgarria da baita ere. Ez da Attila basati eta ñabardurarik gabea marrazten, baizik eta pertsona indartsua, eta aldi berean zalantzatia, argiak eta itzalak dituena.
Pizgarri bat baino gehiago izan du denboraldiaren hasiera honek. Alde batetik tituloa bera, esan bezala, potentea, eta bestetik, Ruggero Raimondiren parte-hartzea, eszena zuzendari bezala aldi honetan. Baxu italiar famatu honek Attila-ren rola egin zuen Bilbon orain dela 37 urte, eta, hainbeste denbora pasa eta gero, begi-bistan geratu zen zein baliagarria den bere eskarmentua holako produkzioak lantzeko. Benetan ikusgarria eta ederra suertatu zen Attila hau. Eszenaratze ikaragarria, non argia eta eszena elementuen mugimendua oso garrantzitsua den. Musikatik aparte, merezi izan zuen espektakulu osoak.
Musikalki, ondo. Ildebrando D’Arcangelo baxuak, Attilka-ren paperean, ongi bete zuen alderdi bokala, emisio argi batekin. Beharbada sakontasun interpretatibo nahikorik ez zuen ekarri baina eraginkorra izan zen, zalantzarik gabe. Roberto Aronica tenoreak bere ahots distiratsua luzitu zuen. Angel Ódena baritonoak gorabeherak izan zituen eta Anna Smirnova sopranoa, Odabella-ren rolean, oso adierazkor sentitu genuen. Orokorrean, ez zituzten erabat biribildu beren interpretazioak, baina osotasun ederra oparitu zuten, ikuskizun erakargarria eginez. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Francesco Ivan Ciampa zuzendariaren eskutik, fin eta leun ibili zen fosotik, eta Bilboko Operaren Abesbatza, sendo.
Verdiren Attila
Bakarlariak: Ildebrando D’Arcangelo, Roberto Aronica, Anna Smirnova, Angel Ódena, Eduardo Ituarte eta David Aguayo. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Francesco Ivan Ciampa.
Eszena Zuzendaria: Ruggero Raimondi. Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Lekua: Euskalduna Jauregia. Data: Azaroaren 22a.