BI ATE itxi dira Katalunian eta bat ireki joan den ostiral eta larunbatean. Lehena Jordi Pujolek Kataluniako Legebiltzarrean hilaren 26an egindako agerraldiarekin itxi zen. Bere afera itzal bihurtu zaio eta honek luze jarraituko dio Pujoli; jarraituko dion moduan CDC zaharrari, baina seguruenik esparru murriztu batean, CDC berria jadanik lortzen ari baita zaharraren ingurua babes harresi batekin inguratzea. Pujolek berak eman zion lekukoa Masi CDC berriaren eraikuntzan, baina mugimendu soberanistak finkatu du berau edo, akaso, Enric Julianak La Vanguardian dioen bezala, sortu berri den “Masen Alderdia”.
Itxi den beste atea orain arte mugimendu soberanistak elkarrekin egin duen bidea da, hau da, A-9ko erreferenduma deitu artekoa. Haien Maltzaga txikira heldu dira. Eta orain zer? Orain bi galdera ikur nagusi daude. Espainiari dagokionez, epe laburrari begira ez da ezusteko handirik espero: azalekoan, debekuaren matrakarekin jarraituko du. Begia mamian jarriz, aldiz, bi urteko epe ertainera begira estatu federalaren azenario goxoa ondo prestatzea giltzarri izan daiteke PP-PSOEren bide-orrian. Madrilgo eskaintzen artean, datozen aste eta hilabeteetan oso posible da hizkuntzan, hezkuntzan eta ekonomia gaietan katalanek etorkizunean izan dezaketen blindajearen oihartzunak areagoatzea. Edozein modutan, gaitza dirudi 2016ra arte ezer seriorik gauzatzea. 2015 hauteskunde urtea da bete-betean: maiatzean udal hauteskundeak eta urte bukaera aldera Espainiako orokorrak. PP eta Mariano Rajoy horretan kontzentratuak dira orain eta jakin badakite egungo gehiengo osoa errepikatzea ezinezkoa edo gaitza izango dela. Abortuaren Legearekin atzera egin izana da horren erakusle adierazgarriena. Estatuaren ikuspegitik egoera oso arriskutsua sortzen ari zaio Katalunian, baina alderdiarenetik ez hain txarra: azken finean, egoera ekonomiko-sozialaren makurra estaltzeko ondo baitatorkio Katalunia eta, are hobeto, hauteskundeei begira espainiar nazionalismoa bere inguruan trinkotzeko.
BITARTEAN, Kataluniako soberanismoak nola gurutzatuko du ireki zaion ate berria? Orain arteko bidea egiteko hiru klabe nagusi izan dituzte: lehena, Espainiako ezezkoaren bultzada; bigarrena, gizarte ekimena prozesuaren buruan jarri izana, alderdiak korronte horretara eramanez; eta hirugarrena, alderdi soberanistek erreferendumaren deialdi dekretura arte erakutsi duten batasuna.
Espainiak jadanik jarri du abian erantzunaren makina. Konstituzio Auzitegiaren ebazpenaren zain –honek luze joko du–, Kontsulta Legea eta Kontsulta Dekretua bertan behera geratuko dira behin-behinekoz. Gaurkoz Mas buru duen mugimendu soberanistak, aldiz, aurrera jarraituko al du kontsultaren prestakizunekin? Noiz arte? Kanpaina berarekin jarraitzea Madrilgo aginduen aurka joatea da eta, beraz, desobedientzian sartzea? Edo desobedientzia hautesontziak jartzea litzateke? Datozen egunetan ikusiko ditugu lehen erantzunak.
Aurreikuspen guztien arabera, eta debeku egoeran, lubaki baino hauteskunde aurreratuetarako txirrista litzateke kontsulta independentistentzat. Hortik aurrera abiatzea kinielen munduan murgiltzea da. Independentistek eta Estatuak, biek egingo dute jausi A-9ko suaren gainetik eta sugarrek dagoeneko eragingo dituzte lehen erredurak. Adibidez, zer jarrera erakutsiko du azkenean ICVk debekuaren aurrean? CDC/ERC elkarrekin joango dira balizko hauteskunde aurreratuetara? Prozesu Konstituziogilea, Guanyem eta CUPen artean hautes-eskaintzarik sortuko ote...? Segurtasun bakarra dago oraingoz, ate bat iraganda, bigarrenerako bidea askoz tentsio handiagokoa izango dela.
SEZESIOA lortzeko, berau bilatzen duen eta jatorrizko estatuaren arteko tentsioa mantentzea eta handitzea giltzarri dela esan zuen Asier Blas EHUko irakasleak Argia Egunaren karietara independentziari buruz egindako hitzaldi arras interesgarrian (Argia.com-en da bideoa). Oraingoz behintzat, tentsioren gorakada bermatua dute Katalunian. Hitzaldi berean, Iñaki Antiguedad Amaiurko diputatu ohiak –gehiago Euskal Herriari begira ari zela– independentziaren bidean egunerokoan egin beharrekoei eman zien garrantzia. Katalunian tentsioak eta egunerokoak dagoeneko bat egin dute une honetan.
Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]