Irailaren 3an, UPNko agintari batek baino gehiagok gogotik madarikatuko zuen 2014ko Espainiako Itzulia Nafarroara ekartzeko baten batek izan zuen burutazioa. Txirrindularien etorrerarekin, Nafarroako Erresumaren espainoltasuna agerian jartzea baldin bazen xedea, arras bertzelako zerbait erakutsi ziguten telebista kamerek.
Bilduren deialdirik gabe izanen zen ikurrinik Iruñerrian eta Sakanan. Bilduren deialdiak zuri-gorri-berdetu zituen bazterrak Aralarko igoera guztian. Espainiar esatarien isiltasunak musika paratu zion ikuskizunari.
Espainiako Itzuliak Euskal Herriko muga zeharkatzea mamu beltza izan da, historikoki, gure independentistendako. Garai berrien kontua egia izanen da, norbait politika zentzuzkoa egiten ari baita ezker abertzalean. Betizuaren estrategiari zuzen jo eta adarrak hautsi judokarenak hartu dio, itxuraz, lekua: kontrarioaren oldarraren bulkada probestu, hura lurreratzeko. Batzuendako amorragarri.
Kasu berdina izan gabe ere, horretaz oroitu nintzen lehengoan Leitzako lagun bati adituta. Leitzarrek, nonbait, inoiz baino bisitari kanpotar gehiago izan dute uda honetan, nabarmen gehiago, bertako ostatuen eta landetxeen pozgarri.
Leitza, zoko eta bazter ikusgarriak izanik ere, aparte samar gelditu izan da beti zirkuitu turistikoetatik. Aurten 8 apellidos vascos filmean agertzeak du, nonbait, famatu. Martínez-Lázaroren pelikulak zer esana eman zuen joan den neguan. Espainiako zinemaren historiako lanik ikusienetariko bat bilakatu zen estreinatu eta berehala, nahiz eta Estatuko iritzi-emaile eskuindar gehienek ez zuten, hasieran, begi onez ikusi. Gero, aunitzen ikusmoldea aldatu zen, filmaren kontura Euskal Herrian piztutako ika-mikaren berri izatean. Hemengo batzuei irakurrita, ematen zuen 8 apellidos vascos gure kontrako plan makiaveliko baten atala zela. Ez dakit. Bazen pasarte deserosoren bat. Horrez landa, Vaya semanitaren edozein emanalditan irri gehiago egin izan dut pelikula honekin baino. Baina denak ez gara berdinak. Nik ikusi nuen egunean zer pentsatua ematen zuten salan zeuden batzuen irri-karkailek; ni baino euskaldunagoak ziren, eta ni baino aise ere abertzaleagoak.
8 apellidos vascos memelokeria bat zen. Memelokeria horrek eraman du jende andana Leitza ezagutzera, Nafarroako herririk euskaldun eta abertzaleenetariko bat. Leitzarrak fin ibili baziren, pelikulan ikusi ez zituenak ikusiko zituen bere bisitaldian jende horrek guztiak.