Greziako gizartea agonia luzean itzaltzen ari da gainerako europarrek beste aldera begiratzen duten bitartean, edo greziarrek merezi zutelakoan zigorra, edo beraiei ere –guri– berdin gerta dakien beldur direlako. Panagiotis Grigoriou historialari eta antropologoak greekcrisis.fr blogean kontatzen du bera ere harrapatu duen hondamendia.
“Soldatak kobratzen dituzuen eta sindikatuek nolabaiteko normaltasunean funtzionatzen duten bitartean, ekintzak eta borrokak antolatzea posible da; aldiz, soldatarik ez denetik eta jarraipen ekonomiko minimo bat ez dagoenetik aurrera, orduan beste zerbait hasten da”. Honela mintzatu zitzaien Belgikatik joandako sindikalistei Panagiotis Grigoriou antropologoa. Bestelako mundu batean murgildurik baitago Grezia.
Irakurleen donazioei esker zutik atxikitzen duen www.greekcrisis.fr blogaren “Temps du vent mauvais” (Haize gaiztoko eguraldia) aurkezpenean dio: “2009eko maiatzaren egun batez Nazioarteko Diru Funtsa, Europako Batasunaren muina eta Europako Banku Zentrala gure eguneroko bizitzan sartu ziren. Troikak eta Troikatarrek gure bizitzak eta jokabideak aldatu zizkiguten. Gauza bat da ordura artekoa eta beste bat gerokoa. Gerratean sartzean edo okupazioan bezala. Bada haize gaizto bat, pozoia airean, gure ohitura handi eta txikien heriotza-kondena, mutazio kolektibo azkarra, erreferentzien galera. Geroztik, baita auzo chicetan ere, murgildu gara... zakarrontzietan ”.
Oinezko herritarren eguneroko anekdotak eta buruzagi politikoen bezala militanteen edo komunikatzaileen eztabaida eta erabakiak analizatzen ditu Grigoriouk gizarteen bilakabideetan espezializatua dagoen ikerlariaren bisturiz. Irailaren 3ko sarrera luzean, argazkietako batek erakusten du Atenasko anbulategi batean medikuak atean eskegitako oharra: “Ate honen atzean zure medikua kontsultan ari da orain kontratu prekarioz, kotizazio sozialik gabe lanean, berak ere ez dauka asegururik eta ez du ezagutuko erretiro saririk”. Doktoreak ez badauka segurtatua erretreta...
Joan den apirilean Erromara konbidatu zuten Panagiotis Grigoriou Eurorik gabeko Europa. Europako enpresa eta familientzako koste eta etekinak biltzarrera. Han antropologoak esandakoa bildurik dago Youtubeko bideo batean. Hona bere laburpena, Grigoriouren beraren ahotsean.
Sentitzen dut Italia gaur dagoela Grezia 2009-2010ean zegoen bezala. Gu Grezian dagoenekoz urrun gaude. Krisia bizi dugu gerra bat gertatu balitz bezala: lehen gauza bat zen, orain oso ezberdina.
Delako krisiak greziar gehienei deuseztu die denbora antolatzeko ahala, etorkizuna bera. Ezin da bidaiarik programatu, asteburuko irteerarik, ez jubilazio garairik. Dena jarri da hankaz gora. Historiaren azelerazio bortitz bat nozitu dugu, seguruenik beste lekuetan ere jasango dutena. Etorkizuna desagertu da jendeen buruetatik.
Egoeraren alde ekonomikoak ezagunak dira. Barne Produktu Gordinak laurdena galdu du lau urtetan. Komertzioa %30-%40 murriztu. Langabezia, ofizialki, %30, gazteetan %65. Horrelako galerak ez dira ikusten gerretan baizik.
Troikak –segitzen du Grigoriouk Erromako hitzaldian– 2009ko maiatzean sartu zuen eskua Grezian eta boterea berenganatzearen poderioz orain hark manatzen du herritarren eguneroko bizimoduaren xehetasunik txikienean ere. Aldaketa erradikala izan da, eta ez jendeak eragina. Grezian aipatzen da erregimen berri batean bizi garela, Memorandumaren erregimenean.
Greziak Troikarekin sinatutako Memorandumak herritarren bizitzan ekarri dituen aldaketek iragartzen dute mundu berri bat. Soldatak jaitsi dira, gehienetan erdira. Ondasunak harrapatu dira; greziarrak ohartzen dira gerra batean bezala ostu zaizkiela ondasunak. Ez dut aipatuko osasun sistemaren hondoratzea, hainbat dokumentaletan ikusi duzuena. Eta hori guztia kolpe bakarrean gertatu da.
Lan munduan konbenioak desegin dira eta lan harreman berriak, baita funtzio publikoan ere, esan dezakegu direla antropofagiazkoak. Euroaren eremuko beste herrialdeetan baino gehiago Grezian krisiak sozializazio berria ekarri du, bizitzea eta zehazkiago bizirautea [survivre] erorketa bezala irudikatzen duena. Adibidetzat, etxeak berotzeko berriro egurretara jotzea fuelaren prezioa hiruz biderkatu delako. Atzerakada terrible moduan bizi du jendeak, askok gogoan dute nola bizi ziren 1960a baino lehen.
Gero dago suizidioen gaia. Ez da soilik estatistiko edo sinbolikoa, denok ukitzen gaitu. Nire inguruan lau ikusi ditut. Bi nire sorterrikoak. Gero ezaguna dudan elektrikari baten emaztea. Eta urtarrilean lehengusu bat. Sufritzen zuen bere komertzioak galdu zuelako jardueraren %85. Ez zen txiroa, bazeukan dirua oraindik, baina ez zuen ikusten etorkizunik, nola gainditu erretiroa arte falta zituen zazpi urteak hilero kotizatuz... Balkoitik bota zuen bere burua.
Aipatu dizuet azaltzeko datu hotzak baino gehiago dela arazoa, egoerak gizarteen muga anatomikoa gainditzen du. Biziaren eta heriotzaren aurreko harremanak ez dira berdinak Troikaren ondotik.
Politika ere inarrosi du krisiak, izan ezker edo eskuin. Baina nola bereizi eskuina eta ezkerra populazioaren %80ak honelako shocka jasan duenean? Funtsean konstituzioaren kontrako erregimen batean bizi gara. Troikak ezarritako memorandumak [hiru aipatzen ditu Grigoriouk] parlamentariek onartu dituzte osorik irakurri ere egin gabe, egun batetik bestera onartzera derrigortuta, eta dekretuokin zakarretara bota dituzte hamarkadetan lortutako lege laboral eta zibilak.
Herritarrak bizirauteaz daudenez kezkatuta, ez diote harreta handia jarri erregimen aldaketari. Greziak mendebaldeko erregimen konstituzional baten itxurak egiten ditu, baina ez da batere horrela.
Haustura historiko baten aurrean gaude, ez bakarrik Grezian, 1945etik 1990eko hamarkada arte bizi izan dugun situazioa eten da. Mutazio bat da. Sortu da totalitarismo zeihar berria deitu dezakegun erregimen bat. Europan sortzen ari da eta gainera Europako instituzioen babesean eta Europako eliteek bultzatua, tartean Alemaniakoek.
Horraino Grigoriouk Erroman emandako hitzaldiaren pasarteak. Gainerakoan, bere blogean eguneroko gertakizun eta lekukotasunak biltzen ditu. Ezagutzen duen kazetari honena bezalakoak: “Jornala erdira jaitsi didate eta emaztea langabezian dut. Bi etxebizitza genituen Atenasen eta gastuei ezin aurre egin. Bigarrena saldu dugu, 15.000 eurotan. Estatuarentzako 5.000 zergatan, beste zati bat zorrak ordaintzeko eta... emaztearen gurasoek bizi osoan pagatuz erositako etxeari sei mila euro atera dizkiogu. Ondasunak ostu dizkigute kotizazioak lapurtu dizkiguten neurri berean”.
Poliziaren eta manifestarien arteko talkek atxilotu eta zauritu ugari utzi dituzte ostiralean herrialdeko hiri nagusietan. Herritarrek gertatukoaren erantzuleak zigortzea eskatu diote gobernuari, ez baita oraindik istripuaren inguruko epaiketarik ireki. Greba orokorra deitu... [+]
Grecia 1975. O país comezou o ano como república, tres semanas antes, no referendo do 8 de decembro de 1974, despois de que os cidadáns decidisen o fin da monarquía.
Unha década antes, en 1964, cando morreu o rei Pablo I, o seu fillo Constantino tomou o trono aos 23 anos.
... [+]
En 2019, en augas da illa grega de Casos, a Fundación Nacional de Investigacións Helénicas e o Ministerio de Cultura grego iniciaron un estudo. O resultado do traballo foi recente e en total atopáronse dez restos de barcos de diferentes épocas. O máis antigo ten uns 5.000... [+]
No he tornat vell de Lesbos a Grècia. En Mitilene, l'Associació Basca de Sabors ofereix a prop de 2.700 sol·licitants d'asil un menjar al dia: arròs i potatge, pa de pita i una peça de fruita. Límit de dignitat, 150 grams per ració. El problema és que en el campament de... [+]