Ura urrunetik ekarri baino, otxandiarrek nahiago dute bertako errekak garbi mantendu eta modu autonomoz euren beharren arabera ustiatu. Herri Ola izeneko egitura parte hartzailean hainbat proiektu landu dituzte energia burujabetza, lana eta iraunkortasuna ardatz hartuta.
Herri Ola parte-hartze prozesuaren ondorioz, oinarrizko beharrak asetzeko modu iraunkorragoen bila hasi ziren otxandiarrak, Udalak sustatuta. Pello Otxandiano udal ordezkariak azaldu duenez, lau ardatz jorratu dituzte: iraunkortasuna, parte-hartzea, euskalgintza eta elkartasuna.
Hainbat proiektu mahai gaineratu dituzte, horietako bat uraren hornikuntzaz. Inguruko herri guztiak eta kasik Bizkaia osoa hartzen duen Bilboko Uren Partzuergoan ez sartzea erabaki zuten herriko kontseiluan. Izan ere, ez daude ados ura bezalako baliabide natural eta beharrezkoa “etekin ekonomikoen arabera” kudeatzearekin. Esaterako, 2011 eta 2015 bitartean partzuergoak uraren tasak %40 igoko ditu Europak aginduta. Otxandianok dioenez, Otxandion dituzten baliabideekin gai dira herrirako ura biltzeko.
Aurkeztutako proiektu estrategikoak, dena den, hornikuntza hutsetik haratago doaz, eta inguruko erreken ekosistemak berreskuratu nahi dituzte. Horretarako, besteak beste, ur kontsumoa murriztu eta ur zikinari beste tratamendu bat eman behar zaiola ondorioztatu dute. Arazketa planta jasangarria eraikitzeko helburua dute, baina azaldu dutenez, diru laguntza ukatu zaie Bilboko Uretatik at izateagatik.
Gorbeiako eta Anbotoko mendizerren artean dago Otxandio. Alboan duen Ubiderekin batera Bizkaiko herri garaiena da, 560 metrora baitago. Hori dela eta, neguak bereziki hotzak izaten dira bertan. Herriaren izenak berak klimatologiari egiten dio erreferentzia teoria batzuen arabera. Antza, Otxandio, “hotz handi”-ren eratorria izan liteke.
Neguak oso hotzak direla eta, berokuntza sistema eraginkorra eta ekonomikoa behar dute. Azken urteetan eman diren fakturen gorakadak herritarrak kezkatu ditu, eta arlo horretan ere alternatiben bila hasi dira. Lehenik eta behin, etxebizitzak lotuko dituen berokuntza sarearen azterketa eta zenbait energia berriztagarri alderatu zituzten. Biometanizazioa eta biomasa identifikatu dituzte etorkizuneko berokuntza sistema horren energia hornigai gisa. Hau da, hondakin organikoa bero iturri bilakatu nahi dute. Beraz, zaborraren bilketa egokiarekin eta kudeaketarekin zuzenean lotutako arloa da.
Durangalde osoan bezala, industriaren eta zerbitzuen sektoretan aritzen dira otxandiar gehienak. Burdinaren ustiapena herriko motor ekonomikoa izatera ailegatu zen, XIX. mendean teknologia berrien agerpenarekin gainbehera etorri zen arte. XX. mendeko bigarren erditik aurrera, industria metalurgikoak hartu zuen indarra. Urkiolako eta Gorbeiako paraje ederrak ondoan edukitzeak turismoa bultzatu du, gehienbat mendiko kirolekin eta landa-etxeekin lotutakoa. Nekazaritzarako gune egokia den arren, lehen sektoreko jarduera batez ere auto-hornikuntzan oinarritzen da.
Herri Ola prozesuan, etxebizitza eta lanaren arazoei aurre egiteko bilerak egin dituzte. Hala ere, Otxandianok onartu du proposamen zehatzak garatu gabe daudela. Udal ordezkariak azpimarratu du krisiaren ondorioz pertsona asko egoera prekarioan dagoela eta zerbait egiteko beharrean direla. Gaia korapilatsua da baina. Udalek esku hartze gaitasun txikia dute gai horietan, eta ez da sinplea marko orokorra aldatu gabe erantzunak ematea.
Etxebizitzari dagokionez, eredu juridikoak aztertzen ari dira esaterako. Erronkak asko dira. Orain arte landu diren proiektuak aurrera eramateaz gain, berriak proposatu beharko dituzte. Herritarren parte-hartze aktiboak kultura politikoaren aldaketa behar du. Norabidea behintzat finkatuta dute, eta ez da gutxi.
Biztanleak: 1.292
Sektorekako ustiapenak: Nekazaritza eta abeltzaintza (%0,6), industria (%35,5), eraikuntza (%14,4) eta zerbitzuak (%49,4).
Industria tasa: Diru sarreren %65.
Langabezia tasa: %8,9.
Azalera: 12,43 kilometro koadro.
Artifizialdutako lur eremua: %20,95.
Udalaren osaera: Bilduk 7 zinegotzi, EAJk 2 zinegotzi.
Euskararen ezagutza tasa: %75,47.
Euskararen erabilera: %48,65.
Iturriak: Gaindegia, Eustat, Otxandioko Udala.
Do mesmo xeito que coa axuda dos artistas vivimos o florecimiento de Euskal Herria, tamén nesta ocasión, co seu impulso, sigamos facendo o camiño xuntos, dando o apoio necesario aos presos políticos, exiliados e deportados vascos
O lector xa sabe que a Asociación Harrera... [+]
EMEADEDEI + MAHL KOBAT CANDO:
2 de febreiro.
ONDE: Gaztetxe de Zuia, en Murgia.
----------------------------------------------------
O 20 de setembro do pasado ano tivemos coñecemento por primeira vez do colectivo musical no perfil da rede social que acababan de crear:... [+]
Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]