Margoak :: Gonzalo Etxebarria
Non:: Santa Maria elizako klaustroa, Deba
Noiz:: abuztuaren 27ra arte
Gonzalo Etxebarria (Bilbo, 1954) Debara itzuli da. Duela 40 urte Jorge Oteizak sortutako Debako arte eskolan sartu zen Etxebarria, ordurako Oteizak taldea utzita zuen arren. 1981ean ihes egin behar izan zuen Etxebarriak eta orduz geroztik Ipar Euskal Herrian bizi da. Sortzaileentzat ihesa emankorra omen da. Eta orain emankortasun horren emaitza ikusteko aukera dago artistak bi urtez eskola izan zuen herrian, Santa Maria elizaren klaustroko inguru paregabean. Orain dela hamar urte antolatu zuten lehenengoz klaustro horretan margo erakusketa. Udako egun beroetan arkupe gotikoa erakusketa itzal freskoan gozatzeko aukera ematen du. Baina gaur eguraldi goibela dago, grisa eta hotza.
Etxebarriaren lana gris eta hotz aztertu nahi duen ikusleak espresionismo abstraktuaren ezaugarriak aipa ditzake, bereziki espresionismo alemaniarraren eragina izango du kontuan (1970eko hamarkadan ere Debako eskolako Ibarrolak, Sistiagak, Zumetak , Mendiburuk…, elkarri eragiteaz gain, eragin ukaezina jaso zuten Alemaniatik) edo egilea arrazionalismoa eta kaosa bateratzen saiatzen dela azalduko du. Baina Etxebarriak berak esana duenez, ez du maite bere margoei buruz azalpen xeheak ematea. Ikusleak bere obra ulertzea ez da derrigorrezkoa. Erreakzioa bilatzen du publikoarengan, erreakzio hori edozein dela ere, ikusleak zerbait sentitzea nahi du, hunkitzea.
Santa Maria elizan sartu, ezkerrera jo eta margolariak emandako askatasun horrekin iritsi gara klaustrora. Tamaina orotako koadroen koloreek atentzioa ematen dute: gorriek, berde ilunek, hori ia fosforeszenteek… Atentzioa eta berotasuna. Kolore horiek kontraste nabarmena egiten dute elizaren hormekin eta artistak ibilbidearen hasieran erabili zituen eta gaur ere koloreekin nahasten dituen zuri-beltzekin. Eta kontrastea beste hainbat mailatan antzematen da.
Tamaina eta formatuen arteko aldea ere handia da. Koadro handienek hormako zutabe arteko espazioa betetzen duten bitartean, margo txiki karratu nahiz biribiletan begia xehetasunetara joaten da. Margo handienak maiz lerro horizontal batek zeharkatzen ditu, zerua eta lurra bereiziz, nolabaiteko paisaiak sortuz. Eta, hortaz, abstrakzioaren eta figuratibismoaren kontraesana sortzen da, bisitari xalo honen begietan behintzat. Eta formak asmatzera jolastu daiteke ikuslea, hodeietan formak bereizten aritzen garen moduan. Pertsonaia mozorrotua ikusiko du batean, begi bat, itxita, bestean, lerro hori oker bizia tximista irudituko zaio, eta ur auzi berdea antzemango du beste margo batean. Ala basoa da? Berdin dio. Ziur ondokoak beste zerbait ikusiko duela. Sentsazioak helaraztea da kontua.
Zerua, erakusketaren kontrasteekin bat egin nahiko balu bezala, garbitu egin da eta arkuen xaretatik eguzki izpi ahul batzuk sartu dira. Argia aldatzen ari da eta ikuslearen pertzepzioa ere bai. Erakusketa honen agertokia ez baita neutroa, Gonzalo Etxebarriak bizitoki eta lantoki duen Zuberoa harentzat neutroa ez den bezala. “Ene lanetan beti da zerua eta lurra, Zuberoa, eta kaosa. Eta azarea, eta borroka, gestazioa, apokalipsia… Hori da ene intentzioa. Hori da ene margoetan ikusten dudan mundua”.
Bussum (Holanda), 15 de novembro de 1891. Johanna Bonger (1862-1925) escribiu no seu diario: “Durante ano e medio fun a muller máis feliz da terra. Foi un soño longo e marabilloso, o máis fermoso que puidese soñar. E logo veu este terrible sufrimento”. Escribiu estas... [+]