Sekula ez dut sobera maite izan espresio ezagun hori: “Hobe irudi bat mila hitz baino“. Oraingoan, baina, amore eman beharko dut, nonbait. Izan ere, hotzikara eragin dit Dublingo Ha’penny Bridge gurutzatzean bertan ikusitako eszena groteskoak. Jakin dudanez, 300 kilo metal baino gehiago kendu zituen Dublingo Udalak iaz zubi horretatik; hala ere, katez jantzi dute berriz maiteminaren gaitza pairatzen dutenek, giltzarrapoz. Love lockak ez omen dira nerabeen kontu hutsa bakarrik.
Groteskoa iruditzen zait, baiki, Europan eta munduan barrena azken urteotan zabaldua den moda erromantikoa. Kazetariei hiztegia ebasten jarraitze alde, danteskoa ere esango nuke. Nire estetikak ezer gutxi balio du eta, beraz, kapitalismo teknologikoak bizi duen jendartea bizi du, halaber, erromantizismorik atzerakoienak: maite zaitudalako lotu nahi zaitut kate motzean, neure burua bezalaxe. Patuak ezinbestean kateatuak gara, laztana.
Aitor dut: mila karaktere pasatuko hitz sorta honek nekez adieraziko du hobeki maitasun giltzarrapoen horrorea.