Nafarroako Erresuma, 1348ko maiatza eta ekaina. Izurri Beltza erresuman sartu zen, iparraldetik. Aurreko urteetan ohi baino euri gehiago egin zuen Nafarroan; ondorioz, 1346 eta 1347ko uztak oso kaxkarrak izan ziren eta goseteak hartu zuen erresuma. Epidemiak zabaltzeko inguru ezin hobea aurkitu zuen: nafarrak goseak ahulduta zeuden eta hezetasun eta tenperatura baldintzek hedapena bizkortu zuten.
Zaila da Heriotza Beltzak zenbat hildako eragin zituen kalkulatzea. Europarren %30 hil omen zituen, hau da, 25 milioi pertsona inguru, eta beste 40-60 pertsona Asian. Portzentajea handiagoa izan zen Nafarroan; Peio J. Monteano historialariaren arabera, biztanleen erdiak hil ziren izurriak jota, 140.000 pertsona inguru.
Horrenbestez, Nafarroa Izurri Beltzak gogorren jotako lurraldeetako bat izan zen. Baina urte horietan, ez erresuma goseak zigortu zuenean, ez epidemiak errematatu zuenean, Nafarroako erregina ez zen bere erresumara hurbildu ere egin.
1328an, Nafarroako eta Frantziako errege Karlos hil zenean, ondorengotzari buruzko eztabaida piztu zen. Nafarrek Frantziatik bereizteko baliatu zuten egoera hura, eta maiatzaren 1ean gorteek Nafarroako errege-erregina izendatu zituzten Luis X.a Frantziakoaren alaba Joana eta haren senar Filipe Evreuxekoa. Filipe VI.a Frantziakoak koroatzea onartuko zuen, baldin eta senar-emazteek Frantziako tronuari betiko uko egiten bazioten. Azkenean, baldintza onartuta, 1329ko martxoaren 5ean Nafarroako Joana II.ak eta Filipe III.ak karguaren zina egin zuten Iruñean. Joanak erresuma lehenengoz eta azkenekoz zapaldu zuen orduan.
Filipe III.a beste behin izan zen Nafarroan, 1343an. Alfontso XI.a Gaztelakoaren aliatua izanik, Iberiaer penintsulako Errekonkistan parte hartu zuen Nafarroako erregeak. Nafarroan armada bildu eta Granadako Erresumara abiatu zen berehala. Urte hartan hil zen, Algecirasko setioan.
Senarra hil ondoren Joana II.ak Nafarroan agintzen jarraitu zuen, urrutitik, posta bidez. Ez zen sekula Nafarroara itzuli. Parisetik gertu bizi zen, Brévaleko gazteluan. Ez zen toki txarra Izurri Beltza saihesteko. Epidemiak herritar txiroenei eragin zien bereziki, osasun ahulena zutenei, hiribilduetan metatuta higiene baldintza kaxkarretan bizi zirenei. Bere erresumatik mila kilometrora, gazteluan bakartuta, erreginak heriotza engainatzeko aukera handiagoak zituen bere mendekoek baino, itxura batean. Baina 1349ko urriaren 6an hil zen hura, gaitzak jota.
Heriotzak denak berdintzen omen gaitu. Heriotza Beltzak behintzat Nafarroako erregina absentea bere mendekoen erdiekin berdindu zuen.