Joan den astean termometro sindikala neurtzeko garrantzi sozial handiko bi egun izan genituen: Laneko Segurtasun eta Osasunaren Eguna eta Maiatzaren Lehena. Berriz ere baieztatu ahal izan dugu urte osoan bizi ohi den errealitatea: sindikatuen arteko banaketa. Apirilaren 28an, sindikatuak euren pankarta eta toki bereizietan mobilizatu ziren, laneko segurtasun falta eta mutuen erabilera salatzeko. Gauza bera gertatu zen Maiatzaren Lehenean; sindikatu estatalistek izan ezik, gainerakoek euren manifestazioak egin zituzten, aldarrikapen ezberdin nahiz antzekoekin. Espektakulua benetan tamalgarria izan zen, hain justu langabeziak eta krisiak erasaten digun honetan eta kapitalismoaren patronalak inoiz baino batuago daudenean. Eurek baldintzatzen dute gobernu eta administrazioaren jarduna.
Banaketa egunetik egunera mantentzen bada, ez du ezertarako balio pare bat egunetan “batuta” azaltzeak. Baina nabarmentzekoa eta kezkagarria da Euskal Herriak jasaten duen egoera sozio-ekonomiko larria kontuan hartuta eta subiranotasun faltaren aurrean, sindikatuek eta ezkerreko erakunde sozialek, bereziki abertzaleek, lokatzetan segitzen dutela, talde estrategiak edo ekintza bateratuak adostu ezinik. Banaketa ez ote da langile eta herritarrengan asperdura sortzen ari? Langileak ez ote dira gero eta gutxiago mobilizatzen, hain justu eraso kapitalista inoiz baino handiagoa denean? Soilik bazkide eta ordezkari sindikalak mobilizatuz konformatuko dira? Eta zer gertatzen da sindikatu gabe dauden langile, langabetu, pentsionista eta gazteen –%55 langabezian– gehiengoarekin? Sindikatu bakoitzak ahalegin handiagoa egin beharko luke adostasuna bilatu eta eraso kapitalistaren aurrean mobilizazio bateratuak egiteko.