argia.eus
INPRIMATU
Zentral nuklearrak itsasoan?

Joxerra Aizpurua Sarasola 2014ko apirilaren 29a
Fukushimako istripuak tsunami batek kaltetutako tresneria elektrikoan izan zuen oinarria.
Fukushimako istripuak tsunami batek kaltetutako tresneria elektrikoan izan zuen oinarria.

Fukushimako istripuak tsunami batek kaltetutako tresneria elektrikoan izan zuen oinarria. Tresneria elektrikoa kaltetzeak erregai erradiaktiboa zegoen eraikinetara ura ezin eramatea eragin zuen, eta hozte-sistema etenda geratu zenez erregaiak izugarrizko tenperatura hartu eta telebistan ikusi genituen suteak eragin zituen.

AEBetako MIT institutuko ikerlari talde batek diseinu berritzaile bat prestatu du zentral nuklearrentzat, eta horretarako petrolio plataformak hartu dituzte eredu. Ingeniarien arabera, euren diseinuan ezinezkoa da matxura elektrikoa izatekotan ur hornidura etetea, erregai-barrak itsasoaren azpian egonik urak grabitatez zirkulatuko bailuke hozte-sisteman zehar.

Sistema horren beste abantaila tsunamien aurreko portaera da. Tsunamiak bortizki agertzen dira itsasertzean eta ez hainbeste itsaso barrenean. Abantaila hori bera petrolio plataformek dute. Hala ere, oraindik galdera ugariri erantzun beharra dago MITekoen diseinua benetan gauzatu daitekeen jakin aurretik.