Espainiar agintariak ohartu berri omen dira Kataluniako burujabetasuna ez dela Artur Masen tema bat, ezta Oriol Jonquerasen edo David Fernandezen apeta ere, baizik eta herritar askoren nahi kolektiboa. Eta burujabetasuna ez dela buruzagi batzuen kontua ohartuta, burujabetasunari bultzada eman dion erakunde sozialaren kontra jo nahi omen dute orain, ANCren kontra, noiz eta Signa un vot per la independència kanpainak burujabetasunarekiko herritar katalanen atxikimenduaren neurria agerian uzten ahal duenean. Ez omen doaz buruzagi bat edo batzuen kontra –nahiz Carme Forcadell espetxeratua izateko aukeraz ere mintzo den...–, baizik eta gizarte katalanaren parte handi baten babesa duen elkartearen aurka.
Kataluniako prozesuan buruzagiek eta gizarteak berak dituzten pisu erlatiboak inoiz baino erlatiboagoak direlako susmoa piztu da niregan, buruzagien zereginez pentsatzeko gogoa.
Imajina dezaket nola sortu ziren lehen buruzagiak giza komunitateetan. Irudika dezaket, Suaren bila filma gogoan, gizaki multzo bat muturreko egoera batean, hil ala biziko atakan, eta egoera horretan norbait, banako bat, guztien bizitza kolokan jartzen zuen atakatik irteteko soluzioa asmatzen. Eta irudizta ditzaket gero haren erkideak banako hari botere berezi bat ematen aurrerantzeko estualdietatik ere onik atera zitzan.
Ulertzen ahal dut gizaki haien jokaera. Baina ez dut hain argi ikusten gero, gizaldiz gizaldi, eta buruzagiz buruzagi, gaurdaino iritsi den buruzagitza-sistema hori betikotzeko beharra, horren onura edo egokitasuna.
Ezen, herri primitibo askotan bezala, gaurko gizarte sofistikatuenetan ere buruzagiak ditugu zutabe eta ardatz. Badirudi ezin dugula aurrera egin buruzagirik gabe, buruzagiek bizi gaituztela herritar gisa, baita herritar guztien gobernu jotzen diren demokrazietan ere.
Ongi legoke buruzagien papera berraztertzea. Adibidez, kontua gurera ekarrita, ikustea bakea ekartzeko prozesuan zer munta duten, lan gordeagoan aritzen diren herritar anonimoen aldean. Edo bereiztea zer den inportanteago bozak egiteko orduan: alderdiek hain garrantzitsu jotzen dituzten liderrak hautatzea ala herritarrok alderdien ideiak eta programak eztabaidatu ahal izatea.
Honezkero, denon artean bilatu beharko genituzke guztion ataken irtenbideak, geure buruaren jabe beti. Eta koska bat beheratu buruzagien beharra eta munta.