argia.eus
INPRIMATU
Edonon, edonoiz

Edu Zelaieta Anta 2014ko martxoaren 26a

Iragana etorri zaio gogora, Europan berriz mapa urratzen ari dela ikustean. Institutuan historia ikasteko erabiltzen zuten liburuko hainbat pasarte ahaztuxe ditu buruan: gatazka kolonialak, Lehen Mundu Gerraren piztea… Duela mende bat Sarajevon gertatutako artxidukearen hilketak Ukrainako Viktor Justxenko presidente ohiaren pozoitzearen antza duela iruditu zaio oroitzapenen sokan, eta, batez ere, geroago Ukrainan suertatu diren gainerako guztiek. Krimea barne. Kanpo.

Galdera larri bat kokatu zaio begitartean: nola ikasiko dute Europako historia geroko nerabeek? Galderaren epizentroan, baina, ez dago liburuaren formatua (paperezkoa ala elektronikoa), ez eta gatazkaren zein alderdik lortuko duen bere kontakizuna nagusitzea ere. Izan ere, oraingo sentsazioa beste bat da: liburu hartako pasarteak edonon errepika daitezke, edonoiz. Odol gose-egarria ez dago gainditua. Historiako etsaminan buruz idatzi behar ziren istorio haiek posible dira berriz egungo Europan.

Geroko nerabeek –susmoa du– berak izandako jarrera bera hartuko dute: “Guk sekula ez dugu gerra ergelik ezagutuko”.