argia.eus
INPRIMATU
Pankrea artifiziala intsulinaren ordez

Joxerra Aizpurua Sarasola 2014ko martxoaren 06a
Milioi bat europarrek baino gehiagok egunero injektatu behar dute intsulina.
Milioi bat europarrek baino gehiagok egunero injektatu behar dute intsulina.

Europan milioi batetik gora pertsonak hartu behar dute intsulina egunero. Pertsona horien pankreak ez du sortzen gorputzeko azukrea disolbatzeko adina intsulina; ondorioz, injekzio bidez hartu behar dute.

Oraingoz ez dago alternatibarik intsulina gorputzeratzeko injekzioentzat, pankreako zelulen transplantea ez bada, baina bide hori oso kasu gutxitan erabiltzen da, konplikazio handiak eragiten baititu. Duela gutxi, baina, gaixoentzat itxaropen bide bat zabaldu da, Frantziako CTTM zentro teknologikoko Hervé Pichonek azaldu duenez: pankrea artifiziala.

Gailua hamar zentimetroko aldeak dituen poltsa karratua da, barruan zelula biziak dituena. Gaixoaren sabelean txertatzen da eta haren bizitza osoan behar den intsulina sor dezake; horrela, injekzioaren morrontzatik askatuko litzateke inplantea jaso duen pertsona. Oraingoz animaliekin egin dituzte probak, eta emaitza oso ona izan da. 2015erako iragarri dituzte gizakiekin lehenbiziko saiakerak.