argia.eus
INPRIMATU
Arrastoak
Gotikoa, berez, iraina da
  • XII. mendean sortutako arte estilo ezaguna lau mende geroago bataiatu zuten “gotiko” izenondoarekin, bataiatzailearen asmoa, berez, estiloa erdeinatzea izan arren.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2014ko otsailaren 19a

Giorgio Vasari artista eta historialari italiar ezagunak 1550. urte inguruan erabili zuen lehenengoz adjektibo hura artelan multzo bikaina deskribatzeko. Beraz, ez zen arteaz ezer gutxi zekien ezikasi baten iraina, aditu baten iritzia baizik. Vasariren asmoa forma gotikoen zakarkeriaz ohartaraztea zen.

Gotiko terminoak “godoei buruzkoa” esan nahi du, eta horren bidez Vasarik adierazi nahi zuen arte estilo hura barbaroena zela, topatzen zuten oro arpilatzeko eta suntsitzeko joera zuten herriena, antzinako Greziako eta Erromako obra klasikoen perfekzioa eta edertasuna bilatzeko inolako interesik ez zuten herriena.

Vasarik ez zuen arrakastarik izan bere kritikan. Ordurako gotikoa Europa mendebaldean hedatuta zegoen eta, nahi gabe, kutsu iraingarria berehala galdu zuen izena ipini zion hainbeste gorroto zuen estiloari.