argia.eus
INPRIMATU
Odol motaren araberako dietaren zentzugabekeria

Joxerra Aizpurua Sarasola 2014ko urtarrilaren 30
Argazkia: Alex-CC By

1996. urtean Peter Adamok Eat right for your type liburua eman zuen argitara. Berehala best seller bilakatu zen, eta 50 hizkuntzatara itzuli zuten. Naturopata horren arabera, odol taldearen araberako jakiak jateak, pisu galeran eragiteaz gain, jatorri birala edo bakteriala duten hainbat gaixotasunen prebentzioan (minbizia, diabetesa, zirkulazioko gaixotasunak...) lagun dezake.

Adamoren iritziz, 0 taldea da gizakiengan zaharrena, ehiztarien eta biltzaileen garaikoa. Beraz, talde horretako pertsonek proteinetan oparoak diren jakiak (haragia, arraina) jan beharko lituzkete. Aldiz, odolaren A taldea neolitikoan nekazaritzarekin batera azaldu omen zen, eta odol hori duten pertsonek landare eta fruta jale izan behar lukete.

Urtarrilaren 15ean, Torontoko Unibertsitateko Ahmed El-Sohemy doktoreak sinatutako artikulua argitaratu zuen PlosOne aldizkariak. Ikertzaileak dioenez, ez dago loturarik odol motaren eta jaki motaren artean. El-Sohemyren taldeak, 1.455 lagun aztertuta, ondorioztatu zuen pisu galera zein gaixotzeko joera baldintzatzen duten faktoreak berdinak direla odol talde guztietako pertsonengan. Hau da, zaren odol taldekoa zarela, gutxiago jaten baduzu argaldu egingo zara, eta diabetesa edota minbizia prebenitzeko gauza berdinak saihestu behar dituzu.