Managuara etorri naiz hilabete batzuk pasatzera. Nikaraguan, gobernu sandinistak (bai, 1980ko hamarkadan iraultza egindako sandinismoak) abortua guztiz legez kanpo utzi zuen 2007an. Urte horretara arte “abortu terapeutikoa” soilik onartzen zen. Nikaragua da nerabeen haurdunaldi gehien izaten duen Hego eta Erdialdeko Amerikako herrialdea. Hala ere, 12 urteko neskatxo bat bortxaketa baten ondorioz haurdun geratzen bada, eta bere kabuz abortatzen saiatu ondoren ospitalera badoa, medikuak poliziari deitzeko eskubidea dauka.
Hego eta Erdialdeko Amerikako gobernuek abortuaz daukaten jarrerari buruzko erreportaje bat argitaratu berri dut. Banekien Ekuadorreko Rafael Correak bortxaketa kasuetan abortua legeztatzeko saiakeraren kontra sutsuki egin zuela, baina harritu eta atsekabetu ninduen gehienek (Evo Morales, Cristina Fernández, Hugo Chávez zena...) “ez jaioaren” eskubideen alde hitz egiten dutela ohartzeak. Alegia, hori da Provida izeneko mugimenduen pentsaeraren paradoxa: enbrioien bizitzaz arduratzen dela, aldi berean eta dagoeneko emakumeen duintasuna eta autonomia mesprezatzen dituztelarik.
Kuba, Uruguai eta Mexiko Hirian (soilik hiriburuan) abortu librea onartzen bada lehenengo asteetan, abortuaren kontrako politikarien jarreraren iturria ez dela kulturala pentsa dezakegu, erlijioen pisuaren ondorioa baizik. Laikotasuna bermatzen den heinean eta herritarren artean elizen eragina baxuagoa den heinean, emakumeen eskubideak bermatuagoak daude. Venezuela, Bolivia edo Ekuador prozesu iraultzaile sendoetan murgilduta daudela diote agintariek, baina aldi berean sexu eta ugalketa eskubideen kontra egiten dute, oso erlijiosoa den iritzi publikoa pozteko eta agintariak eurek moral erlijiosoan oinarritutako heziketa jaso dutelako.
Gobernu espainiarrak posible zuen abortuaren kontra argudio ekonomikoen bitartez egitea, eskubide hau pribatizatzea, Gizarte segurantzatik kanpo uztea, osasun esparruko beste murrizketa bat bezala aurkeztea. Alberto Gallardonek, ordea, gerra ideologikoa hasi du, lege proiektua Kontzebituaren bizia eta haurdunaren eskubideak babesteko legea izendatuz. Ministroarentzat nascituruma da (enbrioia, alegia) babestu beharreko subjektu juridikoa; emakumeak ez gara eskubide subjektuak, ama potentzialak (amatasuna dela emakumeak emakume egiten dituena esan zuen) eta abortuaren biktimak baizik. Estrategia horrek islatzen du Eliza Katolikoaren eta fundamentalismo kontserbadorearen injerentzia areagotzen ari dela Espainian, legeei, familiari, gorputzari, sexualitateari eta giza eskubideei dagozkien diskurtso politikoetan.
Plazandreok eta Bizkaiko Emakume Asanblada bezalako elkarte feministak aspaldi dabiltza laikotasunaren defentsan lanean. Nikaraguan ere feminismoaren ardatz nagusietako bat da. Kontzeptuak ez ninduen orain arte asko erakartzen, baina orain ulertzen dut zein beharrezkoa den. Sexu eta ugalketa eskubideen urraketak, Elizaren pribilegio ekonomikoak, hezkuntzako LOMCE legearen kutsu kontserbadorea... Arazo horiek guztiak lotuta daude eta estatu akonfesional faltsu honen ondorio dira; beraz, laikotasuna izan daiteke gizarte mugimenduen arteko elkarlana sustatzeko borroka bateratua.
Abortuaren legearen kontrarreformaren aurka egiten dugun bitartean, Eusko Jaurlaritzari desobedientzia praktikatzea eskatzen diogun bitartean, uste dut komeni dela epe luzean laikotasunaren aldeko estrategia bateratua garatzea.