Mikel Bujanda Euskalerria Irratiko zuzendariak albiste ona jaso eta berehala adierazi zuen lasterketaren buruan doazela, irabazten ari direla, baina oraindik ez direla helmugara iritsi. Emititzeko lizentziarik gabe ari da Iruñerriko irratia eta helegitea jarri zuen 1998ko lizentzia banaketarekin ados ez zegoelako. Nafarroako Justizia Auzitegiak banaketa baliogabetu zuen eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak gauza bera egin du, irrati lizentzien banaketa baliogabetu du, irregulartasunak argudiatuta. Azkeneko banaketan Net 21 eta Radio Universidad de Navarrak lortu zuten lizentzia. Bujandak esan du helmugara iristeko horixe falta zaiela: benetan emititzeko lizentzia lortzea.