Top14an elkar helduta lehiatzerik izango luketen aztertzen ari dira Biarritz eta Baiona.
“Biarritz Olympique eta Baiona errugbi klubetako presidenteek, eta haien babesle nagusiek (Capgemini, Alain Afflelou), euskal izaeradun talde bakarra osatzeko aukerak aztertuko dituzte. Aurrera begirako elkarrizketa eta analisiek emango dizkigute balizko proiektuaren bideragarritasunari buruzko argibideak”.
Bi taldeek plazaratutako prentsa-oharrak errugbi mundua astindu du –elkar gehiegi maitatzen ez duten taldeak dira Biarritz eta Baiona–, baina badira arrazoiak bateratzearen berri orain emateko, Laurent Zègre kazetariak Sud Ouest agerkarian azaldu duen moduan:
Izaera administratibo berria
“Fusio” terminoa ekidin duten ordezkarien hitzetan, bi klubek lau hilabeteko epea dute egitasmoaren bideragarritasunari buruzko auditoria egin eta datorren denboraldian Top14an elkar helduta lehiatzerik izango luketen jakiteko. Ondoren erabakiko dute proiektuari zein izaera administratibo eman, bi kluben historia aintzat hartuta. Bakoitzaren identitate berezia medio, ezinezkoa dirudi talde batek bestea xurgatzea. Ziurrenik hirugarren elkarte bat sortuko dute.
Zergatik orain?
Top14 ligaren sailkapenari begiratzea besterik ez dagoela dio kazetariak. Hamabigarrena da Baiona, eta azkena Biarritz. Liga gogorra da Frantziakoa, aurrekontu handia eskatzen duena, eta jaitsieraren amildegian behera ez jausteko, Baionak eta Miarritzek ezinbestekoa dute haien diru-poltsak handitzea.
Aurrekontuen sailkapenean, zortzigarrena da Baiona (18 milioi euro), eta hamargarrena Biarritz (ia 17 milioi euro). “1+1 ez dira beti 2, baina errazago lortuko dugu elkar helduta”, adierazi du Alain Afflelou enpresariak.
Zein izen izango du? Zein kolore? Non jokatuko du?
Galdera horiek airean daude oraindik. Datozen hilabeteetako elkarrizketek esango dute bi taldeak adostasun batera helduko diren ala ez; eta klubetako agintari, babeste eta zaleak kezkatzen dituzten kontuen inguruko erabakiak zeintzuk aseko dituzten, eta zeintzuk haserrarazi. Gaur gaurkoz, Sud Ouest-en galderari (“Fusioaren alde al zaude?”) erantzun dioten internauten %58ak baietz esan du, eta %33ak ezetz (%9ak ez dakiela erantzun du).
Itzal(iko) bagina
Taldea: Lokatz Loreak.
Aktoreak: Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao.
Zuzendaria: Iraitz Lizarraga.
Noiz: otsailaren 2an.
Non: Usurbilgo Sutegi aretoan.