argia.eus
INPRIMATU
6.000 euroko isuna eta bi eguneko atxiloaldia EHEko kideentzat

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko azaroaren 13a
hitzondo.net

Itziar Claver eta Haizea Ramirez de Aldak, bakoitzak 6.000 euroko isuna eta bi eguneko atxiloaldia bete beharko dute. Dagoeneko isuna ordaindua dute eta atxiloaldia azaroaren 23 eta 24an egingo dute.

2011ko azaroko gertakizunengatik auzipetuta zeuden Euskal Herrian Euskarazeko bi kideak. Altsasun Ezabatu eta euskaraz bizi ekitaldian hartu zuten parte Claverrek eta Ramirez de Aldak. Foruzainek kalean identifikatu eta 300 euroko isuna jarri zieten euskaraz baino egin ez zietelako. Helegitea jarri eta bertan behera geratu zen isuna.

Handik gutxira, Altsasun 16 seinale ezabatzea leporatu zieten; 6.000 euroko isuna eta atxiloaldia. Claver auzipetuak egoera salatu du: “Gure herrian enegarren mailako herritar izatera kondenatu gaituzte aspaldi; otzanak, obedienteak izan behar dugu, garena izateagatik zigorrarekin topatu nahi ez badugu”.