A) Jakin dut Game of Thrones telesaileko azken ataletako bat traumatiko suertatu zaiela ikusle gehienei, hainbeste non gutxik isildu ahal izan baitute bertan ia protagonista guztiak hilda gertatzen direla.
B) Mundu guztiak badaki À la recherche du temps perdu eleberriko azken liburukian denbora galdua berraurkitzen dela, edo Albertine hiltzen dela. Noiz arte da goizegi spoiler bat agerrarazteko?
A) George R. R. Martinek berak atalaren askaera spoildu, hondatu, isuri edo aurreratu zuen, orain hamahiru urte, 2000. urtean, A Storm of Swords liburuan triskantza “irudikatu” eta deskribatu zuenean.
B) Ni aste honetan enteratu naiz Albertinerenaz, bere heriotzaz eta (protagonistaren susmatzen dion) lesbianismoaz. Anne Carsonen hitzaldi bat irakurriz, Prousten eleberrian lo gehien egiten duen Albertineri buruz. Albertine izena 2.363 aldiz agertzen omen da, pertsonaiarik aipatuena izanik. La Rechercheko 807 orrialdetan. Orrialde horietako %19an Albertine lotan dago. Albertinek lau modu ditu, Carsonen arabera, protagonista, Marcel, beraren jabea izan ez dadin: lo eginez, gezur esanez, lesbiana izanez, hilez.
C) Roger Ackroyden hilketa (Igela, 2004) Agatha Christie lehenengoz arrakastara eraman zuen eleberrian hiltzailea narratzailea izateak zer esan asko eragiten du narratologoen artean. Gerard Genette, Umberto Eco edo Julia Kristeva bezalakoek aztertu dute. Nola hitz egin irakurri gabeko liburuez saiakeragatik ezaguna egin den Pierre Bayardek liburu oso bat dedikatu dio, hiltzailea Sheppard doktorea izatearen kontraesanak azaleratuz eta beste hiltzaile bat proposatuz. Biziki maite dut liburua. Qui a tué Roger Ackroyd? Gutxienez bitan irakurri dut.
D) Genetteren terminologia erabiliz, esan genezake spoiler bat prolepsi (edo flashforward) bat baino ez dela, marko diegetikoa hautsita, hots, metalepsiduna.
A) HBO ekoiztetxea kezkatuta omen dabil, telesailak ez ote duen eleberrigilea harrapatuko, ez ote den geldituko pantailara zer eraman gabe. Asko dira Martinen idazte abiada geldoarekin haserre direnak. Idazletzaren erritmoak beste batzuk dira, irakurketarenak ere bai. Egileak esan du ez duela berebiziko presarik. Nahikoa dutela argitaratutakoarekin, bere ñabardura guztiekin metrajera eramanez gero gaitz dutela bere parera iristea. Akiles eta dortokaren arteko lehia dugu honakoa. Literatura konparatuko irakasgai bat abian.
B) Marcel Proustek ere denboraren kontra idatzi zuen. La Rechercheko bosgarren, seigarren eta zazpigarren liburukiak bera hil ondoren argitaratu ziren.
C) Nork hil du Roger Ackroyd? lehen aldiz irakurri nuenean, ez nekien Roger Ackroyd benetan nork hil zuen. Banuen, noski, Agatha Christieren bertsioaren berri, hiltzailea istorioa narratzen duen horixe zela, deskribatzen dituen gertaeren berri guri emanez baina hala ere ziria sartuz. Nork hil du Roger Ackroyd? bigarrenez irakurri nuenean ere ez nekien hiltzailea nor zen. Irakurketa batetik bestera, memoriak huts egin zidan eta hirugarren hiltzaile bat iradoki zidan. Ondorioztatu nuen, nire kasuan behintzat, spoilerrek ez dutela funtzionatzen.
A) Spoilerrek ez dute ezer hondatzen. Hori ez dute gehienek ulertzen. Espantuka hasiko zaizkizu, “hori ez konta” garrasika, spoildu daitekeen ezer mereziko balu bezala. Izan ere, hobe da obrari misterioa kendu eta garrantzia duen horretan zentratzen bagara, misterioaren mekanismoak barne. Suspensea ezin baita esaldi batera laburbildu.
Tras deixar atrás o mes de abril dos libros, as bibliotecas e os seus beneficios, desde Kabiak Saharauí queremos lembrar o lado escuro da súa historia, que cobra maior importancia na defensa da identidade e a supervivencia dos pobos. Estamos a falar da destrución das... [+]