Idazten ari naizelarik lesbiana hitza ez dut aski emakumeengana desioa sentitzen duen emakumea izendatzeko, Lesbos uhartetik jasotako ondarea testuingurura egokitzen ez bazait, edo deskribatu beharrekoak bestelako ñabardurak behar baditu. Euskal hiztegi hainbatek ez du lesbiana hitza jasotzen (Azkue, Mugica...). Egungo Euskararen Hiztegiak lesbiana jasotzen du eta haren ondoan lesbianismo, lesbiar, lesbiko eta lesbofobia. Sinonimoen bila jo eta ezer berririk gabe itzuli naiz. Hiztegietan material gehiegi ez dugu, eta beharbada, nire aurkitu nahi eta ezinak esplikatuko du sukarturik eduki nauen hanka sartzea. Hiztegiz hiztegi nabilela, Ibon Sarasolaren 2007ko Euskal Hiztegian argia ikusi uste dut. Bertan lesbianismo eta lesbiar jasoak ditu. Lesbiar: Emakumeen arteko homosexualitateari dagokiona. Lesuin. Ik. Pezoi. Hitz berria da lesuin niretzat. Urduri bilatu dut. Pezoi: Hesia. Elhuyar Euskara-Gaztelania hiztegira noa estu. Pezoi: 1 – Seto-valla. 2 – Trinchera, fosa, zanja. Pausoz pauso joan nadin. Nolaz lesbiana batekin senidetu hesia? Elkartasunez mintzo al zait hiztegia? Trinchera: Lubaki. Bollerok heteropatriarkatuaren aurkako Lehen Mundu Gerrara animatzen gaitu? Fosa: Hobi. Lurpean eta zerraldo hobe gaudela! Zanja: Zanga. Underground hutsak gara, ala? Larriturik nabil lagun batek ikusarazi didan arte nire akatsa. Lesuin hiztegian lesbiar-en osteko sarrera da, ez haren definitzailea. Letra lodi gabe idatzia badago forma okerra edo euskara batuan saihestu beharrekoa delako da eta hobetsitako pezoi azpimarratzen da.
Eskerrak, Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak izenburuko liburua plazaratuko duen laster Edo! argitaletxeak. Bertan, Amaia Alvarez Uriak lesbiana hitzaren sarrera bat apailatu du eta hitzaren hainbat euskal ordain bildu. Aitor Aranaren Gay Hiztegia (2005) ezagunetik atereak dira hurrengoak: andrekaria, neskakoia, bilitisen alaba /ahizpa, emakumetxoa, aluzalea, motxinjalea, piperropila, potxonzalea, sorgina, ulertua, ulertzailea, lamia, joxe-joxepa, marimutila, mariurkulu, neskamutila eta emarkia. Itxaro Bordaren literatur lanetatik erreskatatuak hauek: alharia, emekoi, andrakoi, emaztekoi. “Euskaraz lesbiana edo bollera hitzaren ordain hedaturik ez dagoenez, bi hitz horiek erabili ohi dira, erdal maileguak; baina badaude hainbat herri eta hiritan kalean erabiltzen hasi diren hitz sortu berriak: soropila edo txirlajalia, esaterako” aipatzen du Alvarez Uriak.
Kuku da beste hitz bat eta belarriotara iritsi ez diren eta biltzea interesgarri genituzkeen gehiago, irainak ere bai tartean, kultura lesbiarreko hainbat kidek gure aurka jaurtitako hitz iraingarriak bereganatu baititugu geurori izendatzeko (bollera, tortillera), irainaren esanahia ezeztatuz, harrotasunez gureganatuz. Bestalde, beti asma ditzakegu hitz berriak, erabilerak. Sarasolak ondo esana da erabiltzailea dela azken epailea hitz baten onarpen edo bazterketan. Bada, hala gertatu zaio erabiltzaile honi. Pottorzale batekin afaltzera irten aurretik axotaz lesuin idatzi dut ezker eskuan ahantz ez dezadan. Ogitartekoa jaten ari gara saltzaile ibiltari senegaldarra mahairatu zaigunean. Eskuko hitzari so zer den jakin nahi izan du eta lesbiana dela diotsot. “Lesbiana?”. Espeziekoa naizela argitu diot. “Baina zu ez zara gizona”, hark arrapostu. Eta laster: “Nola arraio egiten duzue?”. Erantzuna boteprontoan: “Comme on danse le swing”. Fin!
Sexu-genero disidentziak zeharkatutako bost lagunek osaturiko literatur banda da Pomada. Lehenbiziko oholtza gaineko emanaldia sortu dute, Maitaleen hiztegi baterako zirriborroa deiturikoa, poesia eta musika nahasten dituena. Irlak berba dute abiapuntu. Emanaldietako baten... [+]
DBH4 errepikatu zuen urtea gogoratzen du Jonek Pleibak (Susa, 2024) eleberrian. Adinkideak Durangoko institutura aldatu ziren, eta Polly auzokidearen ikasgelan geratu zen bera. Haurtzaroa Joneren baserria eta Pollyren txaleta lotzen zituen errepidean gora eta behera emana zuten... [+]
Joan Tartas (Sohüta, 1610 - data de morte descoñecida) non é un dos escritores máis famosos da historia das nosas letras e, con todo, descubrimos cousas boas nesta “peza mendre” cuxo título, admitámoslo desde o principio, non é probablemente o máis comercial dos... [+]