2008an Salima Ikram eta Andre Veldmeijer egiptologoek Antzinako Egiptoko Larrukigintza Proiektua (AELP) delakoa abiatu zuten, jarduera horretan egiptoarrek erabilitako teknologiak aztertzeko. Besteak beste, larruz estalitako gurdiak zituen aztergai proiektuak.
Gurdi arin horiek K.a. 1650. urte inguruan erabiltzen hasi ziren helburu militarrarekin. Ondoren, gizakien eta salgaien garraiorako ere erabili ziren. Baina material organikoz eginak zeudenez ez da alerikgaurdaino gorde, eta horma-irudien nahiz erliebeen bidez soilik dugu haien berri.
Proiektuko kideek Kairoko Egiptoar Museoko biltegietan zaldientzako larruzko uhaleri zatiak zeudela jakin zuten, baina materiala ikustera joan zirenean gurdi baten estalkiaren 300 zati topatu zituzten. Orain, puzzlea osatzeko falta diren zatiak sortuz, egiptoar gurdi bat berregiten ari dira lehenengoz.