Egungo arte eszenikoetan dagoen joera nagusia, sormen prozesuaren garrantzian datza. Sortzaileak esanahiz bete behar du ekintza artistikoa, eta duen egia handiena bere baitatik ateratzen dena da. Horrela, sormen prozesuan agertzen diren zeinuak eta mezuak jasotzen ditu eta hortik ateratzen da azkenik, ekintza artistikoaren hari nagusia. Askotan, joerek behar baino garrantzi handiagoa daukate, baina ekintza artistikoa edo joera benetakoa bada, zer egin dezake ikusleak egia horren aurka? Onartu baino ez. Sortzailearen biluzte artistikoa da erakutsiko zaiona, sormen prozesua bera delako ekintza, egia. Hasierako ideia eta azken emaitzaren artean egiten den bidea bera da helburua.
Egun, garaikidetasun horretan murgiltzen dira arte eszenikoen sortzaile gehienak: fikzioa eta errealitatearen arteko mugak apurtuz, arauak gaindituz, espazio eszeniko berriak asmatuz, disziplina anitzak erabiliz eta nahastuz, teknologia berriek ematen duten aukerak bereganatuz; edo bestela, muinera, hitzara edo mugimendura itzuliz –bide tradizionalen berrirakurketa–.
Antzerki eta dantza garaikidean eta performancean dauden joera berritzaileenak ezagutarazteko egingo da egunotan Bilboko Alondegian 3, 2, 1 Forma Eszeniko Berrien Nazioarteko Topaketa. Prozesua bera abiapuntutzat hartuta, aurtengo edizioak segida izango du datozen bi urteetan. Hortik 3, 2, 1 atzera kontaketa. Bitarte horretan eszenan gerta daitezkeen aldaketak eta garapena ere jasoko da. Beraz, egiten den bidea, berriz, protagonista.
Topaketa hauetan proposamen berritzaile hauen esperientziak eta sormen prozesuak erakutsiko zaizkio ikuslegoari. Forma eszeniko berrienak, arte eszenikoen azken joerak, izango dira topaketen ardatza. Talde ikuskizunak, testu lanak, Live Art, Low technology, antzerki fisikoa, ahots inprobisazioa, live zinema, jarduerak espazio publikoetan edota irakurketa dantzatuak dira azkenengo joera hoietatik batzuk. Sortzaileak ez baitira eremu zehatzera mugatzen, osotasunean ulertzen baita sormena. Horregatik, batzuetan hitza edo mugimendua erabiliko dute. Beste batzuetan, berriz, ikusentzunezkoak edota musika, edo diziplinen nahasketa. Normalean, horrelako proposamen berritzaileek ez dute erakustokirik. Zentzu horretan, eskertzekoa da Bilboko Alondegiak artelan hauek erakusteko egiten duen ahalegina.
Hiru euskal sortzaile arituko zaizkigu topaketetan. Idoia Zabaleta dantzariak bere azken bi proposamenak erakutsiko dizkigu, Per-fora performancea eta 1917an Robert Walserren Paseoa eleberrian oinarritutako irakurketa dantzatua. Ainara LeGardonen eta Alvaro Barriusoren musika koreografiatua eta ahots inprobizazioetan oinarritutako Archipiel lana ere ikusgai izango dira. Azkenik, L´Alakran antzerki taldeak Psicodrama 4 tailerra landuko du. Proposamen berezia da L´Alakraneko Espe Lopez eta Oskar Gomez Matarena: ikusleek ekarritako harriez cromlecha sortuko baitute.
Bestalde, Ambereseko Jan Fabrek Preparatio Mortis aurkeztuko du, naturako elementuak erabiltzen duen hipergeldotasunean oinarritzen den lana. Suitzako Massimo Furlanek Fortuna aurkeztuko du, ikuslearentzako esperientzia bakarra sortuko du hamar minuturo.
Forma eszeniko berrien nazioarteko topaketa
Non: Bilboko Alondegian. Noiz: Maiatzaren 18tik 31ra. Instalazioak: Plastique Fantastique (Medusa), 22an, 17:00etan /Konposizio Animatua 4 (Sonia Gomez), 22an, 17:00etan / Zoomwooz (Andres Beladiez & Karla Kracht, 22an, 17:00etan. Bestelakoak: Eta zergatik John Cage? (Guillen Mont de Palol eta Jorge Dutor) 18an, 20:00etan / Perfora (Idoia Zabaleta) 22an, 20:00etan / Preparatio Mortis (Jan Fabre) 23an, 20:00etan /Archipiel (Alvaro Barriuso eta Ainara Legardon) 23an, 21:00etan.
Programazio osoa alhondigabilbao.com webgunean.