argia.eus
INPRIMATU
Parot doktrina

Uxue Alberdi Estibaritz 2013ko martxoaren 27a

Doinua: ETAren su-etenetik.

Parot doktrinak berriro
bazterrak haizatu ditu,
Madrilen ezin delako
justizia defenditu.
Estrasburgo bihurtu da
esperantza zirrikitu,
zirko honen zirkuluak
behingoz itxiko balitu!
Legeak epaitzekoak
badira zenbait delitu
gizatasuna ezin da
salatik kanpo gelditu:
legea ezin delako
mendekuan oinarritu.

Raul, Joseba, Gotzone,
Itziar, Inma, Jon, Ines...
Kartzela-urteak pilatzen
doktrinaren eraginez.
Gatazka politiko bat
jantzi gaituena minez,
zergatik lotu nahi dute
bakea eskuburdinez?
Zergatik ez gaitu hartzen
legeak esku berdinez?
Herra eta mendekua
al datoz leku eginez?
Bihotzak uler lezake
baina legeak egin, ez.

Utzi badituzte armak
itzali badute sua,
aurrera egiteari
deitzen zaio progresua.
Jan beza haizeak ziega,
enpatiak mesprezua,
justiziak zapalkuntza
ta herrigintzak kexua.
Has gaitezen eraikitzen
behetik gorako mezua:
politikak hartu dezan
benazko konpromezua,
bakoitzak egin dezagun
gure bake-prozesua.