argia.eus
INPRIMATU
Haur eskoletan gaztelania ere bai?

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko otsailaren 13a

Eusko Legebiltzarrean jarrera harrigarria hartu du EAJk. PPrekin eta UPyDrekin batera Haurreskolak Partzuergoko eskoletan gaztelania ere erabiltzea onartu du. Gaur egun haur eskola publikoetako haurrak euskaraz baino ez dira aritzen.


Arrue ikerketaren emaitzak jakin berri ditugu eta eskolak haur-gazteak euskalduntzeko eta hala mantentzeko betetzen duen funtzio ezinbestekoa begi-bistan geratu da. Arrue proiektuari buruzko jardunaldian, eskolak euskararekiko betetzen duen egitekoaz ondoko terminoak entzun ziren: gotorlekua, atmosfera kontrolatua, kontrapisua... Gero eta gehiago dira euskara etxetik ez dakarten ikasleak eta asko gaztelaniak inguratuta bizi dira egunerokoan. Haur eskolak irlak dira ume askorentzat. Bitxia da EAJren erabakia, PPk proposatutakoak ez baitio onik egingo euskarari. PPren iritziz, umeak etxetik erdaldun izatea kontuan hartu behar da, gurasoen borondatea era bai, eta eskualdekako errealitate soziolinguistiko diferenteak ezin dira ahaztu. Hau da, haur eskoletan gaztelania ere bermatu behar da. PPk dio bi hizkuntzak direla ofizialak eta bien erabilera bermatu behar dela. Jakina da ordea, hiztun haur-gazteek ez dutela inolako arazorik 16 urterekin, legeak agindu bezala, gaztelania menperatzeko, eta aldiz, euskaraz herren egiten dute.
 

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak euskara ikasteko izen-emateen jaitsieraz Berrian esanak:

“Prestigioarekin du zerikusia. Ez nator bat esatean krisiak azaltzen duela jaitsiera. Izan dezake eragina, baina euskara ikasteagatik baino gehiago ordaintzen bada beste hizkuntza batzuk ikasteagatik, eta horietan ez bada beherakadarik gertatu, krisiarekin ezin azal daiteke. Krisian egon, eta, gainera, euskara ikasteari ez bazaio behar den adinako balio sozialik aitortzen, ez bazaio behar besteko prestigiorik ematen, alde batera uzten da. Horri buelta ematen ahalegindu behar dugu. Jaurlaritzaren mezuak garbia izan behar du: euskararen auzia bizikidetza sozialaren auzia da. Euskara zenbat eta indartsuago izan gure arteko bizikidetza ere sendoagoa eta harmoniatsuagoa izango denez, aktiboki bultzatu behar dugu euskara ez dakiten herritarrek ikasteko pausoa eman dezaten”.