argia.eus
INPRIMATU
Zildairik gabeko ahoa
Jakoba Errekondo 2012ko irailaren 12a
Hudoa (Mustela furo).
Hudoa (Mustela furo).

Azukrea emendatzen ari da. Goza eta goza ari dira fruituak landareetan: sagarrak, udareak, gaztainak, mahatsak, intsusaleak, zuhandorraleak, udarelatxak, maaltzaleak, maspilak, basakaranak, arantzaleak, gurbitzak... Beren haziak sakabanatuko dituzten animalien aho-sabairako, gutizia tentagarri izateraino ondu behar dira fruituak, eta azukrea da kakoa. Azukreak bere bidea egiten ari dira, ontzen, hobetzen, gozatzen... Azukre findegiak dira fruituak. Fruitu heldu horiek emango duten muztioan azukreak hartzituz ardoak egingo ditugu. Azukreok ahoaren ortzia kitzikatuko duten lurrin konplexuenak, sotilenak, ederrenak bihurtuko dira.  

Etxeko mahastitxotik mahastiak itsaso diren lurretara joana naiz lehengo astean. Animaliak dabiltza, gabiltza mahats mordo artean. Geurean azeria dabil, eta ikusten dudanero, Esopori egozten zaion eta gero Felix Maria Samaniego biasteriarrak XVII. mendean bere erara idatzi zuen Azeria eta mahatsak alegia datorkit gogora. Beste animalia batzuk dabiltza Biasteri aldameneko Villabuenan, panpanoak, zabalik hartu nauen mahasti itsasoan. Untxiak. Eta ehiztariak. Ingurune lehorrean mahatsondoaren panpano oparoak jaki ederra untxi belarjalearentzat. Eta mahastizain ehiztariak ezin untxia bapo berdintzen ikusi. Mahatsaren emana eskastuko denaren ustearekin ehizarako grina pizten zaio; nola piztu gainera! Horrek Samaniegoren beste alegia bat berritzen dit: Ehiztaria eta untxiak, La Fontaineren bat iturri duena. Mahastizain-ehiztari lagunak, hirurogeitamartaka urte ditu eta untxi jauzkarien ehizarako beste animalia baten laguntza behar du. Ez da, ez, txakurra. Hudoa da. Hudo haragijalea untxiaren gordelekuaren labirintoko zuloetan sartu, hura harrapatu eta aitaren batean jango du. Untxia hiltze soilak ez du, ordea, ehiztaria aseko. Hudoak ez, berak jan nahi du untxia. Horretarako hudoak untxia izutu eta uxatu behar du eta zulotik aterarazi, ehiztariak nahierara tirokatzeko. Hortzak ezin erakutsi ditu hudoak. Ahoa itxirik lan egin behar du. Zildaia du ahoan. Ez edonolako zildaia, alajaina! Ehiztari horren ustez, lagun bakar batek egiten omen ditu hudo-zildai horiek, Kanarietan. Tokitan! Etxeko ardo paregabeak bustitako ehiztariaren zildairik gabeko ahoak, lasai asko, harro asko, azaltzen dit bere balentrien berri.