argia.eus
INPRIMATU
Txillardegiren omenez

Luis Alberto, 'Amatiño' Aranberri 2012ko otsailaren 14a

Ezker Abertzaleak Txillardegi omendu du. Ondo dago gero Txillardegiren euskararen aldeko adorea eta maisutza omentzea. Gainerakoak ez zaizkit, ordea, horren ulergarri iruditzen.

Txillardegik 1967an utzi zuen ETA, Franco hil baino zortzi urte lehenago eta ETAk armak uztea erabaki baino 44 urte lehenago. Txillardegik ESB (Euskal Sozialisten Biltzarrea) sortu zuen 1976an, politika egiteko eta Euskadi erakundetzeko. Erregimen zaharrak indarrean zirauela gainera, erreforma politikoa erreferendumez onartu aurretik.

Ondo dago Txillardegi omentzea. Baina ETAk ez al du aitortu behar 44 urte kostatu zaiola Txillardegiren erabaki berbera hartzea? Batasunaren oinordekoek ez al dute onartuko 30 urte baino gehiago behar izan dutela ESB birsortzen amaitzeko?

Omenaldi loretsu gutxiago eta zor-aitorpen gehiago. ETAk zein omenaldigileek Txillardegiri –eta, bide batez, Euskal Herriari– zor dioten aitortza: “Barkatu, Jose Luis, hik asmatu huen eta ez ginuan konturatu. Aitzindari hintzen eta belaunaldi bi kostatu zaizkiguk hartaz jabetzea”.